"Lehenengo lanak ikuspegi pertsonalagoa zuen; bigarren honek, sozialagoa"

Ekaitz Herrera

Matxalen Erzilla eta Igor Elortza.

Anonyme Popular esatari-abeslari oreka horretan bueltatu da bere bigarren disko-liburuan (Inor #2), spoken word deritzon ahozko artefaktu musikatuan. Igor Elortzak euskal gizarte garaikidea ziztatu du, eta haren barrenak atera ditu argitara. Kritiko eta hausnartzaile batzuetan, jostari eta ironiko beste batzuetan. Rafa Ruedak eta Matxalen Erzillak jantzi dituzte bere berbak. 

Diskoa entzun eta gero, Anonyme Popular 2ren definizio posible bat etorri zait burura: "Mundu modernoaren ajeak kontatzea, zuk diozun eran, 'selfie bertsolaritzan'. 
I.E.: Izan liteke definizio posible bat. Gaur egungo giroari buruz gabiltza, eta askotan diot proiektua ahozko kultura garaikidean kokatu daitekeela. Izan ere, tematika aldetik hori dago, ezta? Gaur egungo giroa. Aurreko lanean ni gehiago zegoen, bertakotasun gehiago, euskal giroa. Bigarren hau horren garapena dela esango nuke. Aurreko ideiek jarraikortasuna daukate, baina iruditzen zait ikuspegia ez dela hain pertsonala, sozialagoa baino. Euskal Herria gehiago kokatzen da munduan eta orainaldian. Iraganari begirada bat eta aurrera begirakoak ere badaude. Selfie bertsolaritzarena ironia da, gaur egun dena delako selfie. 
M.E.: Igorrek hasierako grabazio bat bidali zidan kantak entzuteko eta zer-nolako konponketak sartu nitzakeen ikusteko. Proposamena gustatu egin zitzaidan. Abesti desberdinak ikusi nituen, askotariko melodiak. Kanta batzuek etxeko musikaren ezaugarriak dituzte, euskarazko betiko melodiak, baina gero badaude nik normalean kontsumitzen ez ditudan musikatik haragoko doinuak. 

Erronka izan da?
M.E.: Bai. Gainera, Igorrek beste instrumentu batzuk jotzeko ere xaxatu nau! (barrez). Mikrofono baten aurrean, eszenatokian, ez dut inoiz abestu, eta paper printzipalik ez daukadan arren, abeste hutsa erronka izan da.

"Izan ote da garai hoberik lehenago" galdetzen duzu lehenengo kantan, eta bigarrenean "Orain da inoiz biziko dugun garairik onena" baieztatzen duzu. Zalantzak, itxaropena... dualitate hori dago diskoan?
I.E.: Txanpon beraren alde biak direla esan daiteke. Lehenengoa luzea da, berba asko dago, arin doa, eta modu intentzionatuan batzen du gaur egungo egunerokotasuna. Telefonoa, irratian entzundakoak, akontezimenduak. Desosegu hori. Eta gero, bigarren kantagaz, sosegu apur bat bilatu dut. Forma aldetik koplak dira, berba gutxi dago, eta kanta poperoa da. Gaur egun oso ilun ikusten dugu dena, baina ez dakit hori pentsarazi gura diguten ala benetan horren txarto dagoen mundua. Beraz, bigarren horretan beste era batera begiratu gura nion inguruari, behintzat umore apur bategaz. Ematen du zuri edo beltz dela dena, baina tartean grisak eta koloreak daude.  

Beste kanta batean 80ko hamarkadako erreferentziak daude, eta beste batean "Berrogeita askoko gizontxoak gara, aspalditxo joan zen gure hamarkada" diozu. Nostalgia ere badago?
I.E.: Lehenengoa, Eta hamar eta abar, 80ko hamarkadatik honako memoria ariketa bat da, pertsonala izateaz gainera kolektiboa ere izan daitekeena. Kanta apur bat serioa, orainaldian kokatzeko baliagarria. Bestea, Gizontxoak, ironikoa da. Rafa Rueda eta biok berrogeita askoko edo jada 50 urtetik gorako gizontxo bi garelako! (barrez). Pozik bizi dut aro hau. Azken 15-20 urteotako feminismoen indarraldiek gauza on mordoa ekarri digute, gauza batzuk aldatzen hasi dira, eta gizonok prest egon behar dugu posizio, pribilegio edo botere batzuk galtzeko. Orduan, horren gaineko kanta ironiko bat da, letra eta forma ironikoak dituena. Izan ere, XX. mendeko gizonak izateko hezi gintuzten, eta XXI. mendeko gizartean horrek 'deskoloke' batzuk eragiten dizkigu. Hausnarketa eta umorea bilatu ditut. 

Matxalen, 'Itzartu nahian' abestian zure sokek presentzia handia dute. Akaso horixe izango da diskoko atalik sentikorrena. 
M.E.: Bai, oso kanta intimoa da, eta soinu aldetik akustikoagoa. Biolontxeloak paper bi ditu. Batetik, atal erritmikoa dago, pizzicatoen presentzia hori daukana. Bestetik, melodiak sartzen ditudanean, esaldi batzuk josi ditut arkuagaz. Polito geratu da.

Zuzenekoetan zer ikusiko dugu? 
I.E: Orain artekoen antzekoak izango dira. Logela Multimediako Imanol Garaizabalek ikus-entzunezkoak, argiztapenak, atrezzoa eta planteamendu estetikoa ondu ditu. Horrenbestez, berba taularatuaren ikuskizuna izango da, ikus-entzunezkoekin eta zuzeneko musikagaz lotuta. Berbak gorpuzteko momentua izango da, garai honi ipinitako berba, soinu eta irudiak jendeagaz partekatzeko momentua. Elorrioko Arriolan hasiko dugu bira, urtarrilaren 22an. Emanaldia 20:00etan izango da eta sarrerak eskuragarri daude jada. Maiatzaren 15ean Durangoko San Agustin Gunean egongo gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!