"Azurmendi eta Davis antzeko lekuetatik ibili izan dira, geografikoki eta politikoki"

Aritz Maldonado

Mikel Urdangarin, Ainhoa Olaso eta Usue Egia.

Usue Egia eta Ainhoa Olaso durangarrak eta Mikel Urdangarin gipuzkoarra Esperantza zoro batez proiektuaren azken txanpan murgilduta daude eta gogoz daude jendeak "liburua ikutu, begiratu eta eta zer iruditu zaien jakiteko. Komikia iazko Sormen Beka deialdian hautatu zuten eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute. "Urte bakarreko lana da, baina azken txanpa hau luze egiten ari da", esan dute. Talaian aurkeztuko dute, abenduaren 5ean, 21:00etan.

Aurkezpen ekitaldi berezia prestatzen zabiltzate.
Komikiaren irudi mordo bat erakutsiko dugu, berbak, onomatopeiak... eta musika ere egongo da. Alde batetik, pertsonaiek abestu egiten dutelako, eta, bestetik, testuinguruan kokatzen lagunduko duten abesti batzuk sartuko ditugulako. Komikia bera bidaia bat da, Europatik batez ere, baina AEBetako New York ere bisitatzen da. Espazio batzuei kanta batzuk ipiniko dizkiegu eta Miren Narbaiza musikaria laguntzen ari zaigu ekitaldian hori erakusteko. Mikelek eta biok istorioa kontatuko dugu, espoilerrik egin barik (barrez), eta bien bitartean Usuek marrazki batzuk egingo ditu zuzenean. 

Joxe Azurmendi Angela Davisegaz eta hainbat pentsalari feministagaz batu duzue. Zelan konpondu dira elkarregaz?
Zehaztu gura genuke ez dela pentsalari horien guztien pentsamendua jasotzen duen komiki bat. Gehiago kontatzen dugu, Azurmendiren eta Davisen arteko lotura bat. Gurutzatzen diren bizitza paraleloek osatzen dute istorioa. Kontua da Joxe eta Angela antzeko lekuetatik ibili izan direla, bai geografikoki bai ideologikoki, eta istorioa pertsonaia bi hauen krisietatik abiatzen dugu. Aita lan-istripuan hil zitzaion Azurmendiri, bera Arantzazuko monasterioan ikasten ari zela, eta horrek zalantzan ipintzen du bere sinismena. Bestalde, Angela Davis umea zela, Ku Klux Klan familia beltzen aurkako erasoak egiten hasi zen. Beraz, bien krisi existentzial horiek abiapuntu hartuta, bidaia bat planteatzen da. Egiatik hartu ditugu gauza asko, baina errealismo magikora ere eraman ditugu beste batzuk, edo fikzionatu egin ditugu beste batzuk. Simone de Beauvoirregaz Parisko galerietan arropa probatzen ipini dugu, adibidez.

Erronka handia izan da hain gai intelektualak umorera ekartzea?
Elkarregaz lan egin eta dibertitzeko modu bat izan da, eta estilo fanzineroa emateak erraztu egin du bidea. Usueren marrazkiak guztiz bat datoz tonu horretan. Ez genuen saldu gura Azurmendi pentsalari mardularen eta Davis militante zurrunaren istorio legez; errespetua galdu barik, baina beste zeozer egin gura genuen. Adibidez, animaliak erabili ditugu, pertsonaien inguruan beste ahots batzuk sartzeko. Tonu horregaz gustura ibili gara, umorea egiteko aukera izan dugu, sinplekerietan ez jausten ahaleginduta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!