Durangok turismo tasa izango du aurrerantzean

E.H.

Durangoko udalbatza, eguaztenean. DURANGOKO UDALA

Udalak hainbat zenbateko zehaztu du ostatu ematen duten establezimenduentzat. Tasa hori sei gauez aplikatuko dute gehienez. Era berean, gainerako udal tasek ez dute gorabeherarik izango. Kopuruak izoztuko dituzte. 

Durangoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen eguaztenean, eta neurri berriak hartu zituen udal tasei eta zergei begira. Berrikuntzarik nabarmenetako bat turismo tasa da, udalak ordaindu beharreko kopuruak zehaztu dituelako hoteletako eta ostatuetako egonaldientzat. Eudelen eredua erabili dute oinarri modura, eta bertan markaturiko zenbatekoen erdiko balioak zehaztu dituzte egonaldietarako. Lau izarretako hoteletako egonaldietan 4,5 euroko gehigarria ordaindu beharko da; hiru izarrekoetan, 2,5 eurokoa; 1,75 eurokoa bi izarretakotan eta 1,25 eurokoa izar batekoetan. Apartamentu turistikoetan 2,5 euro ordaindu beharko da, eta osorik lagatzen diren erabilera turistikoko etxebizitzetan 5,5 euro. Tasok sei gauez aplikatuko dituzte gehienez ere. 

Etxebizitzaren alorrean ere beste berrikuntza bat dago. Udalak % 50eko hobaria ipini die babes publikoko etxebizitzei dagozkien eraikuntza, instalazio eta obrei. Etxebizitza babestuak sustatu gura dituzte modu horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!