"Guretzat erronka bat izan da Durangoko JAEDen standeko pertsiana margotzea"

Aitziber Basauri

Ageda Ibarra Delgado eta Juan Azurmendi Etxarte artistak

Hiru hamarkada baino gehiago joan dira Juan Azurmendik (Durango, 1963) Kurutziaga akademia zabaldu zuenetik. Margotzeko askotariko teknikak lantzen ditu. Denen artean, aerografiak liluratu du beti. Maisuak eta ikasleak, Ageda Ibarrak (Durango, 2003), elkarregaz margotu dute Durangoko JAED elkartearen standeko pertsiana, aerografia baliatuta. Irailean hasi ziren lanean, eta teknika bistaratzeko aukera izan daitekeela uste dute.

Zer du berezia aerografiak?
Ageda Ibarra: Mihisea ukitu barik lan egiten da, grafiti sofistikatu bat balitz legez. Oso trazu finak egiten ditugu, eta pintzelak ematen ez duen bestelako askatasuna ematen du. Teknika ezezaguna da, eta kuriosoa. Hori bai, ez dago errore-marjinarik. 
Juan Azurmendi: Aerografoan pintura sartuta, kakoagaz behar den airea ematen diogu, eta ilea bezain trazu meheak zein lausotu handiak egin daitezke. Gatxena aerografoa erabiltzen jakitea da. Bestela, edozein margogintza teknikaren modukoa da. Motoetarako neurrira egindako lanak daude modan; buruko kaskoak, mugikorrak, erakusleihoak... margotzea. Esku hutsezko marrazketa da, eta ematen duen lausotua du ezaugarri nagusi. Askotan ez dakigu margotuta dagoen ala pegatina bat den, akabera oso fina du.

Zelako lana izan da JAEDen standeko pertsiana margotzea?
J.A.: 16x2,70 metroko pertsiana da eta denbora behar da osorik margotzeko. Pistola handiagoak erabili ditugu atzealderako, baina irudiak aerografoekin egin ditugu. Zailtasuna izan du, formatutik hasita.
A.I.: Ematen zuen ez genuela amaituko. Niretzat erronka bat izan da. Denbora asko eman dut eta nekatuta amaitu dut.

Zelan aukeratu zenituzten irudiak?
J.A.: JAEDen standa bera Durangoko irudi bilakatu da eta herriko elementuak sartu behar genituen. Nik motoak margotu ditut batez ere, beste gai batzuekin. Batetik, ikusgai ez dauden elementuak hartu ditugu (Tabirako Basterretxearen eskultura, Garai Jauregiaren alboko iturria...). Bestetik, Durangoko irudi ezagunak islatu ditugu (Kurutziagako gurutzea, Pinondo, Kurutziagako eta Ezkurdiko iturriak...), ikusmolde berri bategaz. Dantzariagaz Iurretari egin diogu keinu, eta Anboto mendiagaz Durangaldeari.
A.I.: Kolore asko sartu dugu eta lanari argitasuna eman gura izan diogu, Andra Mari elizpea nahiko iluna da eta.

Juan, bide luzea duzu aerografian. 
J.A.: 90ko hamarkadan hasi nintzen, eta, batez ere, buruko kaskoetan eta motoetan neurrirako lanak egin ditut. Kamioi bat ere margotu nuen, horrek egin zidan ilusiorik gehien. Bezeroak gura nuena margotzeko esan zidan, eta Iron Maiden gaiagaz lotuta egin nuen enkargua. Jaka bakeroa, nikiak... aerografiak denerik margotzeko aukera ematen du. Enkargu bitxi legez, Laranja mekanikoa filmagaz lotuta etxe bateko gortinak margotzea eskatu zidaten. Iaz Alfa Arte burdinola artistikoan lan egin nuen. 

Ageda, JAEDen enkargua izan da zure lanik handiena?
A.I.: Bai, eta pozarren nago. Aitari margotutako buruko kaskoa ere oso berezia da niretzat. 

Zerk inspiratzen zaituzte?
J.A.: Heavy Metalak, nire bizitza da. Aerografian hasteko, H. R. Gigerrek asko inspiratu ninduen, Alien sortu zuenak. Asko erabiltzen zuen aerografoa.
A.I.: Aerografian Juan izan dut eredu. Maila zabalagoan, azken urteotan inguruan ditudan artistak, lagunak ere badirenak.

MOTZEAN

Egingo zenuketen lana...
J.A.: Kamioi bat, Motörhead gaiagaz; Lemmy Jaunagaz. 
A.I.: Disko baten azala.

Durangoko txoko bat?
J.A.: Kurutziaga kalea, bertan jaioa naiz.
A.I.: Pinondo.

Lanerako, isiltasuna ala musika?
J.A.: Heavy metala topera.
A.I.: Musika.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!