"Liburu-dendetako aurkezpenek gertuko giroa eskaintzen dute"

Anboto

Durangoko Azokak Euskal Herriko liburu-dendetara eramango ditu 2026ko nobedadeak, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Besteak beste, urte osoan euskal kulturaren transmisioan diharduten liburu-denden lana balioan jartzea da helburua. Durangon, Hitz eta Arteka liburu-dendek parte hartuko dute egitasmoan, eta hiru aurkezpen hartuko dituzte datozen asteetan. Hitz liburu-dendako Gaizka Olabarri Bengoetxeak eta Arteka liburu-dendako Maialen Elorza Retozalak egitasmoaren eta aurkezpenen inguruan berba egin dute.

‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren barruan zer aurkezpen hartuko dituzue?

Maialen Elorza: Artekako lehenengo aurkezpena ohiko formatuan egingo da, egileekin. Olentzaro album ilustratua aurkeztuko da azaroaren 26an, eguenean, 19:00etan. Bi egileak etorriko dira: Arantza Berrioategortua Landaluze atxondarra eta Oier Fernandez Carrasco zumarragarra. Denonartean argitaletxeak kaleratu du liburua, eta Gabonen inguruko kontakizun poetikoa da, naturarekin eta bizi-zikloarekin lotura duena.

Bigarren aurkezpena Olatz Mitxelenaren Etxe arrotz hau liburuaren ingurukoa da: abenduaren 9an,  eguaztenean, 18:30ean. Arroztasuna ardatz duen ipuin liburua da. Bixenta Mogel bibliotekan hilero elkartzen den irakurle taldeak liburuaren inguruko solasaldia egingo du, Leire Bilbaok dinamizatuta. Deialdi irekia da, eta interesa duen edonor joan daiteke.

Gaizka Olabarri: Hitz liburu-dendan aurkezpen bat izango dugu azaroaren 23an, astelehenean, 19:00etan. Ane Labaka eta Miren Amuriza etorriko dira Hasieren hiztegia liburuaz berba egitera. 

Zer balio ematen diozue 'Zu non, han DA!' egitasmoari?

G.O.: Liburu dendak Azokaren munduan integratzeko formula interesgarria iruditzen zait. Euskal Herriko liburu-denda askotan egongo dira aurkezpenak. 

M.E.: Bai, ados nago. Liburu-dendak ezagutara emateko eta euretan egiten den lana balioan jartzen laguntzen du eta eskertzekoa da.

Zer eskaintzen du liburu-denda txiki batean egindako aurkezpenak, Azokako gune handietan egindakoen aldean?

M.E.: Liburu-dendetako aurkezpenek gertuko giroa eskaintzen dute. Sortzailea eta irakurlea hurbiltasunetik jartzen dira hartuemanetan eta alde guztiek baloratzen duten zerbait dela uste dut. 

G.O.: Distantziak murriztu egiten ditu eta beste berotasun bat dago. Liburuen usainaz eta liburuz inguratuta, konfiantza iradokitzen duen giro bat sortzen da.

M.E.: Eta sortzaileek liburu-dendetan euren lanak aurkezteko gune bat dutela sentitzen dute. Azkenean sortzaileak liburu-dendetako parte dira. Esaterako, Olentzaro liburua gertuko sortzaileena da, hasieratik izan dut lanaren berri eta ahal dudanean laguntzen saiatu naiz, argitaletxeen eta sortzaileen arteko bitartekari egiten. Gure lana hori ere badela uste dut. Ilusio berezia egiten dit Artekan aurkezpen hori hartzeak.

Zelan bizi dituzue Azokako egunak?

G.O.: Euskal sorkuntzaren erakusleiho erraldoi moduan bizi ditut, gure komunitatearentzat positiboa eta aberasgarria dena. Baina egun zehatz batzuk dira eta guk urte osoan jarraitzen dugu lanean. Batzutan Azokan ez dauden harribitxiak aurkitu daitezke liburu-dendetan. Horregatik, herritarrak liburu-dendak bisitatzera gonbidatu gura ditut. 

M.E.: Ildo horretatik eskerrak ematen dizkiegu urte osoan gurera etortzen diren bezeroei gugan jartzen duten konfiantzagatik eta gure aldeko apustua egitearren. Bestalde, Azokako egunak aproposak dira urtean zehar telefonoz edo bestelako bideen bidez izaten ditugun harremanak aurrez aurre estutzeko, editore eta argitaletxeekin zuzenean egoteko aukera ematen baitute.

Aipatutakoez gainera, beste aurkezpenik izango duzue sasoi honetan?

G.O.: Hitzen beste aurkezpen bi egongo dira. Batetik, Ekaitz Herrerak Neguberria bere lehen nobela aurkeztuko du azaroaren 26an, 19:00etan. Bestetik, Marino Goñik Rockers, radicales y vascos liburua aurkeztuko du abenduaren 4an, 19:00etan. 

M.E.: 1545 Argitaletxeak bere liburuetako ilustrazioak lamina formatuan eskuragarri jarriko ditu Durangoko Azokan. Hainbat ilustratzaileren lanak dira, eta Azokaren ostean Arteka liburu-dendan ere eskuratu ahal izango dira.

'Zu non, han DA!' aurkezpenak

Arteka liburu denda:
  • Azaroaren 26, eguena, 19:00: 'Olentzaro'
  • Abenduak 9, egauztena, 18:30: 'Etxe arrotz hau'
Hitz liburu denda:
  • Azaroak 23, astelehena, 19:00: 'Hasieren hiztegia' 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!