JAED elkarteak zabalik dauka Andra Mariko elizpeko denda solidarioa. 80.000 txartel ipini dituzte salgai, eta guztiak saltzea dute erronka. Elkarteko boluntarioak urtarrilaren 5era arte egongo dira saltzaile lanetan. "Aurtengo kanpaina ondo baino hobeto hasi dugu", esan du Esti Zurikarai elkarteko presidenteak. "11:00-11:30ak aldera zabaldu ditugu ateak, eta 400 txartel baino gehiago saldu dugu [lehenengo ordu eta erdian]". Iñigo Murgoitio elkarteko diruzainak erronka bat dutela azaldu du: "80.000 txartel saldu gura dugu, eta ziur gaude lortuko dugula", dio. JAEDek txartel kopurua handitu du urtetik urtera. "Oraindik akorduan daukat 41.000 txartel ateratzen genituen garaia. Azken urteotan, 60.000, 65.000, 70.000... kopurua handitzen joan gara, eta 80.000 eurora ailegatu ginen iaz. Izurritik hona joera hori handitu egin dela iruditzen zait", esan du Murgoitiok.
Aurten, elkarteko kideek 50 sari batu dituzte zozketara. Dacia Sandero ibilgailua da sari gorena, baina atzetik datozenak ez dira gutxiagorako: askotariko bidaiak (Kanariak, Eurodisney, Portugal), bizikleta elektriko bat, Apple etxearen telefono eta ordenagailuak, spa eta hotel egonaldiak, roomba aspiragailua, baxera, gabonetako produktuen otzara, Zugaza zinemarako bonua eta Kobika jatetxeko otordua daude sarien artean. Erregenetan egingo dute zozketa publikoa, Andra Mariko elizpean bertan.
Beharrizana badago
JAEDek bere lana egiteko erabiliko du baturiko dirua, hau da, beharrizana duenari laguntzeko. Elkarteak hilero-hilero eskaintzen dizkie oinarrizko elikagaiak eta higiene produktuak beharrizana dutenei. Ildo horretan, Durangoko eta eskualdeko herritarrak deitu dituzte txartelak erostera eta zozketan parte hartzera. "Autoa bai, baina askotariko sariak ditugu hemen. Baita pernil handi bat ere!" esan du Zurikaraik, umorez. Murgoitiok azpimarratu du JAED zalantzarik bako hitzordua dela Durangon, Gabon giroan. "Ohiturazko ekitaldia da, huts egin ezinezko hitzordua. Herritarrek asko enpatizatzen dute elkartearen jardunarekin", dio.