Joan zen astean, Durangoko EH Bilduk gobernu taldearen kudeaketa kritikatu zuen kirol zerbitzuetako prezioetan "kaosa" zegoela iritzita. Subiranistek plazaratu zutenez, gobernu taldeak "prezio-egitura berriak" iragarri zituen "duela urtebete", baina tarifa horiek onartu barik jarraitzen dutela eta "indarrean sartzeko aurreikuspen argirik" ez dagoela esan zuten. Horren aurrean, erantzun egin du gobernu taldeak: “EH Bilduk eskubide osoa du gure kudeaketa gainbegiratzeko, baina zorroztasunez egin beharko luke, errealitatearekin bat ez datorren informaziorik zabaldu gabe”, adierazi du Iker Txertudi kirol zinegotziak.
Gobernu taldeak argitu du kirol tarifak berrantolatzeko proposamen bat prestatu zuela, baina udaleko diruzaintza lan-taldeak "azterketa osagarri bat" egin behar izan zuela. Hori horrela, gobernu taldeak prozesu hura etetea eta berri bat lantzea erabaki zuen: "Badakigu prozedura batzuk nahi baino gehiago luzatu direla, baina horrek ez du esan nahi geldialdirik dagoenik. Horiek berme guztiekin bideratzeko lanean ari gara, helburu zehatzekin", adierazi du gobernu taldeak. Era berean, honako hau ziurtatu dute: "Udal Gobernuak ez du jarduera anitzeko aukera kenduko, eta kirol anitzeko urteko bonua pasa den urritik kontrata daiteke. Igerilekuetako bonua, ordea, urte hasieratik dago eskuragarri. Beraz, ez da egia Durango Kirolakek gaur egun bonu horiek kontratatzea eragozten duenik".
Bestalde, kirol tarifen eraginez, udaleko diru-sarreretako 523.750 euro "kolokan" egon zitezkeela iradoki zuen EH Bilduk. Gobernu taldeak erantzun du 2026ko "ekitaldiko likidazioak emango duela behin betiko emaitza ekonomikoa ezagutzeko aukera".
Inbertsio berriak
Inbertsioei eta kontratazioei dagokienez, gobernu taldeak esan du kirol zerbitzuen lizitazioa eskaintzak baloratzeko fasean dagoela, eta Landako II-ko fitness makinak berritzeko prozesua esleipen prozesuan dagoela. Makina berriak 2027 hasieran instalatuta eta martxan egotea gura dute.