Durangoko EH Bilduk "benetako hobekuntzak" eskatu ditu kirol zerbitzuetan, euren berbetan, prezioek eta tarifek "kaosa" eragin dutelako. Koalizioak duela urtebeteko egoeran testuinguratu du bere kritika: horren arabera, gobernu taldeak abonuen prezioak berritzea "eragotzi" zuen duela urtebete, eta, horren eraginez, "erabiltzaileek beste modalitate batzuk" kontratatu zituzten kirol zerbitzuak erabiltzeko. "Orain, urtebete geroago, jarduera anitzeko bonua urte osorako kontratatzeak galarazita egoten jarraitzen du, nahiz eta indarrean dauden prezio publikoetan jasota egon", azaldu du koalizioak. Eta egoera horrek udalaren aurreikuspen ekonomikoari eragin diezaiokeela ere iradoki dute: "Aurrekontuan jasotako 523.750 euroko diru-sarrerak kolokan daude. Ezin da aurrekontu bat egin urtebete geroago oraindik onartu gabe dauden tarifa batzuetan oinarrituta".
Tarifez gainera, EH Bilduk bestelako arazo batzuk zerrendatu ditu. Adibidez, "Landako II kiroldegiko fitness aretoko makinen berrikuntzari" loturikoa. "EAJk 1,2 milioi eurotik gorako inbertsioa iragarri zuen ia makina guztiak berritzeko, eta 2026an prest egongo zirela agindu zuen. Hala ere, lehen prozedura bertan behera utzi behar izan zen errekurtso baten ondorioz, eta lizitazio berria oraindik ebatzi gabe dago", esan dute. Koalizio subiranistaren iritziz, egoera horiek guztiek "udal gobernuaren plangintza eta zuzendaritza politiko falta" erakusten dute, "Durango Kirolaken". Gaineratu dutenez, kirol zerbitzuen kudeaketa "fiskalizatzen" jarraituko dute, "gardentasuna, segurtasun juridikoa eta zerbitzuan benetako hobekuntzak" bermatzeko.