Durangoko pentsiodunek manifestazioa egingo dute datorren astelehenean, azaroak 16, erakundeei zaintza arloko "gabezia larriak" konpondu ditzaten eskatzeko. Diotenez, zerbitzuak era "masiboan" daude "pribatizatuta", bai erakundeen inbertsio publikoa "eskasa" delako, bai inbertsiorik gehiena "itun pribatura bideratua" dagoelako. Egoera "larria" dela diote, eta, horrenbestez, "larrialdi neurriak hartzea" beharrezkoa dela iritzi.
Proposamen bat egin dute horretarako: tallka plan bat, Hego Euskal Herrian zaintza arretak jasotzen dituzten herritarren "eskubideak bermatzeko", hala egoitzetan nola etxez etxeko arretan. Horren harira, itxaron zerrendak "ezabatzeko" eskatuko dute, baita langileek "kalitatezko arreta bermatzeko ahal izateko ratioak edukitzea" eta "egungo mendekotasun-mailei dagozkien etxez etxeko arreta-denborak handitzea" ere. Era berean, finantzaketa handitzea ere eskatuko dute, mendekotasunen arloko inbertsioak "Barne Produktu Gorinaren % 2,5" izan arte.
Hori guztia eskatzeko, manifestazioa egingo dute Durangoko kaleetan. Azaroaren 16an izango da, 12:00etan, Andra Maritik hasita.