Durangoko Udalak Memoriaren Eguna antolatuko du datorren martitzenean, azaroaren 10ean. Ekitaldi instituzional baten, zinema-emanaldi baten eta oroimen-plaka berrien bidez, Udalak "giza eskubideen aldeko konpromisoa berretsi" gura du eta "errespetuan, bakean eta bizikidetzan oinarritutako memoria kolektiboa lantzeko borondatea" agertu, ohar batean azaldu duenez.
Ekitaldi instituzionala 12:00etan izango da, Ezkurdiko monolitoaren aurrean, eta herritar guztiei irekita egongo da. "Azken hamarkadetako historian indarkeria mota desberdinen ondorioak pairatu dituzten pertsonak omenduko dira bertan, bereizketarik eta bazterketarik gabe. Omenaldian ETAren, GALen eta beste talde batzuen biktimak gogoratuko dira, biktima guztien sufrimendua aitortzen duen ikuspegi inklusibo eta pluraletik", azaldu dute.
Zugaza Zineman, Miguel Ángel Blancori buruzko dokumentala
Egitarauak arratsaldean izango du jarraipena Zugaza Zineman, eta 17:00etan Netflixek Miguel Ángel Blancori buruz egindako dokumentala emango da dohainik. ETAk 1997ko uztailean hil zuen Blanco. "Ekimenaren helburua herritarrak sentsibilizatzea da, bereziki belaunaldi gazteak, eta bakean, giza eskubideen errespetuan eta indarkeria mota guztien gaitzespenean oinarritutako kultura sustatzea".
Lau oroimen-plaka berri
Memoriaren Egunarekin bat eginez, Udalak iaz abian jarritako oroimen-plaken proiektua zabalduko du. Lau plaka berri jarriko ditu ETAk beste udalerri batzuetan hildako durangarren oroimenez. Oraingo honetan, Luis Uriarte Alzaa, (1979ko urriaren 5ean hildakoa); Juan Manuel Martínez Castaños, (1981eko ekainaren 24an); Pedro Conrado Martínez Castaños, (1982ko martxoaren 28an); eta Santiago Oleaga Elejabarrieta, (2001eko maiatzaren 24an), gogoratuko dituzte plakek.
Ekimenak 2025eko azaroan hasitako lanari emango dio jarraipena. Orduan, Udalak bederatzi oroimen-plaka jarri zituen herriko hainbat tokitan. "Oraingo lau plaka berriekin, Udalak beste urrats bat egingo du memoriarekin eta erreparazio sinbolikoarekin duen konpromisoan", adierazi dute.