Durangoko hainbat tokitan zuhaitzak landatuko dituzte

Anboto

Otamotzena ingurua.

Otamotzenan, Skate Parkean, Ezkurdin eta Astxikin egingo dituzte landaketak.

Durangoko Udalak udalerriko hainbat gunetan zuhaitzak landatzeko prestaketa lanak hasiko ditu datorren astean. Ohar batean zehaztu duenez, jarduketak "pixkanaka" egingo dira, "zuhaitzak landatzeko negura arte itxaron beharko baita". Bitartean, datozen asteetan bestelako lanei ekingo zaie.

Astelehenean, azaroak 9, Otamotzenan hasiko dira lurra prestatzen, eta ondoren Skate Parkean jarraituko dute. Aurreikuspenen arabera, lan horiek egun batean edo bitan amaituko dira, Otamotzenatik hasita.

Azaroan, "seguruenik" hilaren 16ko astean, Ezkurdin eta Astxikin jarraituko dute lanek, zuhaixkak landatzeko. Ezkurdin, lehortzen ari den heskai lerroa kendu eta zuhaixka berriekin ordezkatuko dute. Astxikin, berriz, bost zuhaixka berri landatuko dituzte.

C. Flores y Plantas S.L. enpresak egingo ditu lanak, eta aurrekontua 15.985 eurokoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!