Durangoko Udalak merkatu plaza dinamizatzeko azaroan egingo diren bost ekintzen berri eman du. Lehen hitzordua ostegunean (azaroak 5) da, 18:00etatik 19:30era, eta ardoa eta txokolatea izango dira protagonista. 'Basque Wine eta Txokolatea' izeneko dastaketan, Amari Cacaoko Lorena Gomezek eta Mikel Garaizabalek bi produktuek elkar nola osatzen duten azalduko dute.
Zapatuan (azaroak 7) Gorka Menendez eta Blanca Del Novalen txanda izango da ekoizle gonbidatu gisa. 9:00etatik 12:30era, Yagi Miso proiektu berria aurkeztuko dute, Lezaman ekoitzitako baba eta artoarekin misoa egiteko sortu duten egitasmoa.
Azaroaren 12an, eguenean, Arrazolako Amillena jatetxeko Lur eta Vanesak gertuko osagaiekin prestatutako hainbat plater eta jaki erakutsiko dituzte, kalabazari arreta berezia eskainiz. Saioa 18:00etatik 20:00etara izango da.
Eguneroko elikagaiei begiratzeko modu horrek azaroaren 21ean izango du segida. Miriam Chef Integratzaileak show cooking saioa eskainiko du 11:30etik 13:00etara. Lehenik, merkatuan bertan aukeratuko ditu produktuak, eta, ondoren, horiekin garaiko errezeta osasungarriak prestatuko ditu.
Ardoak berriz ere protagonismoa hartuko du hilabeteko azken jardueran. Azaroaren 26an, 18:00etatik 20:00etara, BIBA Ardoak ekimenak Euskal Herriko hainbat eskualdetako sei ardo ekologiko eta natural ekarriko ditu merkatura. Dastaketak ardo-ekoizpen desberdinak ezagutzeko aukera eskainiko du.