ELA sindikatuko Gernika-Durangaldeko 200dik gora delegatu batu dira gaur Durangoko Plateruenean, azaroaren 11ko greba orokorra prestatzeko. Batzarraren ostean, eraikinaren kanpoaldean kontzentratu dira.
Xabi Zabala ELAko Azterketa Bulegoko kidearen esanetan, etxebizitzaren egoera "jasanezina" da. Azken hamarkadan alokairuaren eta etxebizitzen prezioak "% 60 igo" direla azaldu du, baina soldatak "ez direla neurri berdinean igo". "Grebara goaz, batetik espekulazioarekin bukatzeko eta, bestetik, etxebizitza eskubidea bermatzeko", adierazi du.
Sindikatuak hainbat neurri proposatzen ditu etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. "Alokairuak mugatzea ez ezik, alokairuak murriztea ere beharrezkoa da. Bestetik, etxegabetzeak debekatzea eta funts putreen etxebizitzak desjabatzea ere badira aldarrikapenetako batzuk".
Era berean, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko "aurrekontua handitzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta alokatzaileek dituzten "pribilegio fiskalak kentzea" proposatu du.
Ezkutuko pobrezia
Joan den astean aurkeztutako txosten batean, ELAk etxebizitzaren merkatuaren hainbat adierazle aztertu zituen. Zabalak azaldu duenez, prezioen igoerak alokairuan bizi diren pertsonen kopurua handitzea ekarri du, bereziki errenta baxuenak dituztenen artean: gazteak, migratzaileak, emakumeak… Ildo horretatik, datu bat azpimarratu du: "Hego Euskal Herriko pobrezia %17koa da, baina behin etxebizitza ordainduta portzentajea 9 puntu handitzen da. Ezkutuko pobrezia bat ageri da, ohiko pobrezia adierazleek erakusten ez dutena".
Azkenik, Durangaldeko langile klasea azaroaren 11ko greba orokorrera batzera deitu du.