Durangoko adinekoek jarduera fisikorako gelak eta kafetegia lehenetsi dituzte zentro berrirako

E.H.

Joan zen astean bisita gidatua egin zuten Saibi kaleko eraikinera, etorkizunean adinekoen zentroa izango denera. DURANGOKO UDALA

Galdeketan parte hartu dutenen % 94,5 bat etorri da herriak adinekoen zentro berria behar duela esatean.

Durangoko Udala adineko zentro berria definitzen dabil, eta parte hartze prozesu bat egin du nagusienen iritzia batzeko. 300 adinekok osatu dute diagnostikoa, eta gehiengoak adierazi du etorkizuneko azpiegituran kafetegia, jarduera fisikoa egiteko guneak eta tailerretarako gelak lehenetsi beharko liratekeela. Horrez gainera, ekitaldietarako aretoa, elkarteentzako espazioak eta kanpoko eremuak egotea ere proposatu dute.

Parte hartze prozesuak beste datu bat ere utzi du agerian: galdeketan parte hartu dutenen % 94,5 bat etorri da herriak adinekoen zentro berria behar duela esatean. Izan ere, Astarloako egoitza 1992koa da, eta udalak eredu horretako "indarguneei eustea" eta gaur gaurkoz zentroak dauzkan "mugak gainditzea" du helburu. Udal iturriek azaldu dutenez, espazioak hainbat solairutan bananduta egoteak "zaildu" egiten du eskaintzaren zabalkundea. 

Orain, udalak adinekoen zentro berrirako proiektua idatziko du: "Diagnostiko hau abiapuntua da. Orain beste urrats bat egingo dugu proiektua idazteko, eta horretarako 50.000 euroko aurrekontu-partida dugu dagoeneko", esan du Jesica Ruiz zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!