Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak greba orokorra antolatzeko asanbladak egin ditu

E.H.

Hiru neurri proposatu dituzte etxebizitza eskubide bermatua izan dadin: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea.

Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialista buru-belarri dabil azaroaren 11ko greba orokorra prestatzen. Aurreko astean Durangon lehenengo asanblada egin ostean, aste honetan zehar beste hainbat herritan ere batu dira, hala nola Elorrion, Otxandion, Abadiñon eta Zornotzan. Atzo, Durangon bigarren asanblada egin zuten, eta lanera batzen ari den jende guztia eskertu zuten.

Asanblada horietan, greba orokorrak langile klasearen antolakuntza indartzeko eta zabaltzeko balio behar duela azpimarratu dute. Hiru neurri proposatu dituzte etxebizitza eskubide bermatua izan dadin: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du aldarri horiek eskualdeko txoko guztietara heltzeko lan egingo duela, eta hurrengo asanblada eta lan egunetara adi egoteko deia egin du. Greba orokorraren antolakuntzan parte hartu gura dutenak deitu dituzte hurrengo bileretan parte hartzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!