300 sinadura, Landakoko igerilekuak abuztuan eta 07:00etan zabaltzea eskatzen

E.H.

Mantenu lanak eta beharginen oporrak beste modu batera antola daitezen eskatu dute, "igerilekua hilbete osoan zarratuta egon ez dadin".

Landakoko igerilekuak abuztuan zabalik egotea eta 07:00etan zabaltzea. Horixe eskatzeko sinadura bilketa egin dute kiroldegiko erabiltzaile batzuek eta durangar batzuek: 300 sinadura erregistratu dituzte horretarako, eta Durangoko Udalari helarazi dizkiote hark eskariak kontuan hartu ditzan. Egitasmoa bultzatu duten kideetariko batzuk Maria Asuncion Oliveira eta Begoña Muñoz durangarrak dira. Diotenez, igerilekua adinekoek erabiltzen dute batez ere, askok lesioak eta mugikortasun arazoak lantzeko ariketa terapeutikoak egiten dituzte-eta bertan. Alabaina, abuztuan, igeri egiteko aukera bakarra Tabirako igerilekuak direla eta horiek aisialdirako prestatuta daudela diote. "Ez ditugu zalantzan ipintzen ez mantentze-lanak, ez langileen oporrak. Beste modu batera antola daitezen eskatzen dugu, faseka edo ontzi bat irekita utzita. Eta ezinezkoa bada, udalak zergatik den azal diezagula", esan du Maria Asuncion Oliveirak. Sinatzaileek "ez dute onartzen" herritarrak beste udalerri batzuetako igerilekuetara bideratzea: "gehienak ez daude fisikoki lekualdatze horiek egiteko moduan", dio Oliveirak.

Igerilekuak abuztuan zabalik mantentzeaz gainera, zerbitzua 7:00etan zabaltzea eskatu dute (gaur egun 7:30etan zabaltzen dituzte, eta uztailean, 8:00etan). Horren harira, Begoña Muñozek lan ordutegiagatik igerilekura joan ezin dutenak eta adinekoak izan ditu ahotan: "Adinekoak goiz esnatzen dira, eta badira gaur egun lanagatik etorri ezin diren bizilagunak, 7:00etan bai etorriko liratekeenak", ziurtatu du. Era berean, igerilekuak uztailean beranduago zergatik zabaltzen diren galdetu dute, "goizen argitzen duen hilabetea bada".

Sinatzaileen arabera, koronabirusa aileatu aurretik, igerilekua zabalik egoten zen abuztuan zehar, eta itxiera bi hamabostalditan banatzen zen, bata ekainean eta bestea abuztuan. Horrez gainera, kiroldegi bereko fitness aretoa abuztuan zabalik egoten dela jakinarazi dute. "Lehen egiten bazen eta fitness aretoa irekita badago, zer aldatu den jakin gura dugu", adierazi du Begoña Muñozek.

Sinadurak batzen ibili direnak alkatetzarekin batu ziren udan, baina, diotenez, "ez dute erantzunik jaso". Orain, eskaera formala aurkeztu dute idatziz. Neurriak ezinezkoak badira, mantentze-lanak faseka egiteko edo irekiera ordu erdi aurreratzeko eragozpen zehatzak azal daitezela eskatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!