Hamargarren urtez, Durango Rugby Taldeak (DRT) Movember kanpaina sustatuko du azaroan zehar Durangon eta Durangaldean. Prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta gizonen osasunari buruzko gaia gizarteratzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Azaroan bibotea haztea da mugimenduaren ikurretako bat, eta aurten, berrikuntza moduan, eskualdeko beste kirol klub batzuetara zabaldu dute proposamena, herritar gehiagorengana heltzeko asmoz.
Durango Rugby Taldeko Urko Bidaurrazagak azaldu duenez, aurreko urtean antzeman zuten parte-hartzea indartzeko beharra. "Movember gero eta ezagunagoa den arren eskualdean eta Euskadin, parte-hartze txikiagoa sumatzen genuen. Aurten, kirol talde bat garen heinean, eskualdeko kirol taldeei proposamena zabaltzea pentsatu dugu", adierazi du.
Horrela, DRTrekin batera, beste zazpi kirol entitatek bat egin dute kanpainarekin: Ezkurdi Kirol Taldeak, Mendibeltz areto futbol taldeak, Abadiño Kirol Elkarteak, Durangoko Kulturala futbol klubak, Tabirako saskibaloi taldeak, Gu Lagunak areto futbol taldeak eta Mugarra Triatloi Taldeak.
Kamisetak salgai
Kanpainarako diru bilketa hainbat bidetatik egingo dute. Esaterako, kamisetak salduz, 10 eurotan. Momentuz 400 daude eskuragarri, XStik XXXL neurrira artekoak. Beltzak dira, aurrealdean mugimenduko ikurra den bibotea dute eta atzealdean 'Movember' berba. Kirol kamisetak direla zehaztu dute, "mendira joateko zein edozein kirol praktikatzeko aproposak".
Kamisetak Rugby Tabernan eskuratu daitezke. Horrez gainera, urriaren 31n eta azaroaren 14an postuak jarriko dituzte Andra Mari inguruan, 12:00etatik 15:00etara. Azaroaren 21ean, berriz, Arripausueta zelaian egongo dira, beteranoen eta talde inklusiboaren partiduetan.
Gainera, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan QR kodeak jarriko dituzte. Kode horien bidez, herritarrek Movemberren webgunera sartzeko eta Durango Rugby Taldeak mugimenduaren barruan duen kontuari ekarpena egiteko aukera izango dute.
Kanpainari amaiera emateko, pintxo-pote berezia antolatuko dute azaroaren 26an, Durangon. Ekitaldia 19:00ak inguruan hasiko da Rugby Tabernan.
Kirolaren bidez, elkartasuna
Ekimenaren aurkezpenean izan dira Mugarra Triatloi Taldeko Paul Bereziartua eta Abadiño Kirol Elkarteko Peio Caballero idazkaria. Biek kluben arteko sarea indartzearen garrantzia nabarmendu dute, ekimen solidario baten inguruan elkarlana sustatzeko aukera ematen duelako.