Dolmen Ensemblea, boskoteak emango dio hasiera Durangoko XXXVII. Musika Hamabostaldiari

Aritz Maldonado

Azaroarek 8tik abenduaren 13ra arte luzatuko da Durangoko XXXVII. Musika Hamabostaldia, eta bost emanaldik osatuko dute zikloa aurten. Nobedade bezala, Dido & Eneas opera ikuskizuna programatu dute, San Agustin kulturguneagaz elkarlanean. Hain zuzen ere, bertan izango dira kontzertuak. 

Estreinako egunean, Dolmen Ensemblea boskoteak Ander Erzilla musikari durangarrak konposatutako lan bat joko du; Erzilla, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako irakaslea ere bada. "Arlo pedagogikoa ere lantzen da Hamabostaldian, belaunaldi berriek ere erreferentziak izan ditzaten", azaldu du prentsaurrekoan. Beragaz batera, Anton Gomez musikariak ere hartu du berba. "Proposamena jaso nuen momentutik dut buruan zer egin. Oso pozik nago, egia esateko"; azaroaren 14an eskainiko du kontzertua Gomezek Michel Reynosogaz batera, Nagore Tamayo dantzariak ere parte hartuko du emanaldian. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak Dido & Eneas opera azpimarratu du, izan ere, antzokiak hartu duen ikuskizun handienetako bat izango da: bederatzi abeslarik eta 13 musikarik parte hartuko dute Henry Pucellen maisulana taularatzeko.

XXXVII. MUSIKA HAMABOSTALDIA

  • Azaroak 8, Dolmen Ensemblea, San Agustin kulturgunean, 19:00etan.
  • Azaroak 14, Anton Gomez & Michel Reynoso, San Agustin kulturgunean, 19:00etan. 
  • Azaroak 22, Aupa Strings, San Agustin kulturgunean 18:00etan. 
  • Azaroak 27, Dido & Eneas, San Agustin kulturgunean, 19:00etan.
  • Abenduak 13, Judith Jauregi eta Ana Maria Valderrama, San Agustin kulturgunean, 19:00etan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!