Zilarrezko dominak zer aho zapore utzi dizu?
Oso zapore ona. Finaleko partidutik ere oso pozik irten nintzen. Sekulako partidua egin genuela eta final bat ezin daitekeela askoz ere hobeto jokatu uste dut. Horrelako final batean presio handia egoten da, baina, egia esanda, nahiko lasai eta gustura egon nintzen.
Aukera zenuen bakoitzean tantoa amaitzen ahalegindu zinen. Hori zen partiduko planteamendua?
Bai. Erika indar eta potentzia handiko puntista da, beste abiadura batean mugitzen du pilota. Gure kirolean esaten dugun moduan, norberak baino pilota bat gehiago sartzen duen jokalaria da; hau da, oso segurua, segi eta segi aritzeko kapaz dena. Beraz, argi nuen ezin nintzela bere jokoan sartu eta ahalik eta bizkorren errematatu behar nuela tantoa. Bezperako entrenamenduan oso ondo sentitu nintzen errematatzerako orduan. Kotxean frontoira gindoazela, Ander Bilbao hautatzaileak eta Maialen Aldazabal selekziokideak ere horixe esaten zidaten, aukera nuenean arriskatzeko. Ideia hori buruan, finalean hasieratik argi erakutsi nuen neure jokoa zein izango zen. Lehenengo tantoan aukera sortu zitzaidan momentuan horma bikoa bota nuen eta ondo irten zitzaidan. Hurrengo hiru-lau erramateak ere ondo irten zitzaizkidan eta horrek konfiantza eman zidan.
Hirugarren seta behartzeko tanto bakarrera geratu zinen.
Oraindino amorrua ematen dit azken txapa hori gogoratzen dudanean. Zentimetro bat gorago joan izan balitz tanto izango zen, Erika atzean zegoelako. Pena izan zen. Ez dakit hirugarren setean zer gertatuko zen, baina, irabazi zein galdu, behintzat hirugarren setera heltzea merezi genuela uste dut, Euskal Pilota Selekzioak merezi zuela.
Bigarren setean, sarritan, 'Helena, Helena!' eta 'Beste bat!' animo oihuak entzun ziren frontoian. Ohartu zinen?
Normalean ez naiz ohartzen harmailetan esaten denaz, baina finalean bai, entzun nituen animoak eta asko lagundu zidaten. Itzela izan zen. Durangoko Winter Seriesean ere ez dakit hainbeste animo oihu entzun dudan. Ez nuen espero. Buenos Airesko frontoia betetzea itxaroten nuen, baina Euskadiren aldeko hainbeste animo ez nuen espero. Hangoekin eta hemendik joandakoekin giro ederra egon zen. Nire familia ere hantxe zegoen: gurasoak, neba biak, izeko bi, osaba bat eta aitaren lehengusu bat, Argentinan bizi dena.
Emakumeetan puntista bik osatu duzue frontoi laburreko taldea: zuk eta Maialen Aldazabal berriatuarrak. Maialen gustuko bidelaguna izan duzu?
Oso gustukoa, ezingo nuen hoberik aukeratu. Eskerrak eman gura dizkiot, lagun itzela izan delako eta behar nuen guztian lagundu didalako. Asten bitan esperientzia itzela bizi izan dugu elkarregaz. Binakako taldeko lau puntistekin ere oso gustura egon gara eta sekulako taldea osatzen dugu, baina hauek astebete egin zuten Buenos Airesen; gero Uruguaira joan ziren.
Zelan deskribatuko zenuke munduko txapelketan bizitako esperientzia?
Oso polita izan da. Egun libreak izan ditugunean Buenos Aires ezagutzera irten gara. Okerrena gripea izan da. Esango nuke hotelean geunden denok pasatu genuela, nik ere bai. Baina pare bat eguneko kontua baino ez zen izan. Hori kenduta, dena ondo. Bihar bertan hartuko nuke hegazkina esperientzia errepikatzeko.
Munduko txapelketaren aurkezpenean zeuk eraman zenuen ikurrina, zeuk ordezkatu zenuen Euskal Selekzioa. Zelan sortu zitzaizun aukera hori?
Ikurrina pilota egokituko mutilek eramatea zen plana, baina ezsenatokia ez zegoen prestatuta gurpil-aulkiak igotzeko. Pena izan zen. Ikurrina eurek eramatea merezi zuten. Orduan, selekzioko kiderik gazteenak eramatea erabaki zuten. Maia Goikoetxea zen gazteena, 15 urtegaz, baina Uruguain zegoen. Neu nintzen bigarren gazteena eta azkenean neuk eraman nuen.
Zelan gogoratzen duzu une hura?
Hunkigarria izan zen. Ofizialtasuna lortu genuenetik, Euskal selekzioak lehenengoz jokatu du munduko txapelketa maila absolutuan. Joxemari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak, ikurrina eman zidanean "zorionak, momentu hau historiara pasatuko da" esan zidan.
Pilotarako zelako afizioa sumatu duzu Argentinan?
Kalean selekzioko txandalagaz ibiltzen ginen eta jendeak interesa erakusten zigun. Ez nuen espero Buenos Airesen jendeak kalean geratu eta euskal pilotari buruz berba egitea. Hango jende dezentek ezagutzen du euskal pilota; pala eta paleta argentinarra ezagutzen zituzten, batez ere, euren modalitateak. Gainera, jende asko joaten zen frontoira Argentina animatzera, eta giro polita sortzen zen.
