"Etxebizitzaren premia handia da eta benetako aurrerapausoak eman behar dira arlo honetan"

J.D.

Marije Martin eta Susana Lorenzo, Durangoko Inklusio Mahaiko kideak.

Etxebizitzaren arazoak aurpegi asko du: etxebizitza eskuratu ezinik dauden gazteen zailtasunetik hasi eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen errealitateraino. Zer urrats eman daiteke egoera hobetzeko? Eta zein etxebizitza-eredu izan daiteke egokia egungo beharrizanei erantzuteko? Galdera horiei eta beste hainbat gairi heldu diete Durangoko Inklusio Mahaiak Durangoko Elkartegian antolaturiko mintegian. Irailean egin zuten lehenengo saioa eta eguazten honetan izan da bigarrena. Zabaltzen-Sartu eta JAED Inklusio Mahaiko partaideak dira, eta Marije Martin eta Susana Lorenzo erakunde horietako kideak, hurrenez hurren. 

Hainbat arlotako erakundeek parte hartzen dute aktiboki Inklusio Mahaian. Zer da zehazki mahaia, zelan sortu zen eta zeintzuk funtzio eta helburu ditu?
Susana Lorenzo: Durangoko Inklusio Mahaia 2020an ipini zen martxan, esperientzia pilotu legez. Inklusioagaz loturiko zerbitzu publikoen eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko koordinazioa bultzatzea zen asmoa, eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen inklusioa eta parte hartzea bultzatuko dituen komunitatea eraikitzea. Durangoko mahaian arlo askotako partaideak daude: Mankomunitateko gizarte-langileak, Durangoko Udaleko Gizarte Ekintza eta immigrazio arloko teknikariak, Lanbideko profesionalak, Osakidetza eta Osasun Saila, Caritaseko Etxepel proiektukoak, Ellacuria Fundazioa, EPA zentroa, Zabaltzen-Sartu eta JAED, besteak beste. Gaur egun horrelako 15 mahai daude martxan Euskadin, eta 150 profesional baino gehiago dabiltza horietan parte hartzen. 

Zer abantaila du erakundeen arteko koordinazioak?
Marije Martin: Elkarregaz lanean hasi ginenetik, elkar hobeto ezagutzeko aukera izan dugu, baita erakunde bakoitzak dituen baliabideak gehiago ezagutzeko aukera ere. Elkarlana eta koordinazioa hobeak dira orain, eta saretu egin gara. Gure ustez, informazio hori guztia partekatzeak aukera ematen digu zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin egiten dugun lana eraginkorragoa izateko, baldintza hobeetan eta informazio gehiagogaz jarduteko. Sare horrek badu beste abantaila bat ere: prestakuntzarako aukerak eskaintzen dizkigu. Esaterako, atzerritartasunaren eta ezohiko erregularizazio prozesuaren inguruko prestakuntza jaso dugu. Guretzat oso garrantzitsua eta aberasgarria da horrelako gaietan ondo informatuta egotea, pertsonei ahalik eta laguntzarik egokiena eman ahal izateko.

Etxebizitza eztabaidaren erdigunean ipini duzue. Gaur egungo gizarteko arazo nagusietariko bat da?
M.M.: Telebista piztu besterik ez dago erantzuna jakiteko. Hala ere, argitu gura dut mintegi hau uztailean prestatzen hasi ginela. Egia esanda, etxebizitzaren gaia askoren erdigune bihurtu da ordutik hona, baina ez hemen bakarrik; Estatuan eta Europan ere bai, esango nuke.
S.L.: Eusko Jaurlaritzaren bitartez, ekimen bat martxan ipintzeko aukera izan genuen. Orduan, zer gairen inguruan lan egin genezakeen pentsatzen hasi ginen, eta denok bat etorri ginen: etxebizitzaren gaia.  
M.M.: Denok partekatzen dugu ideia bera: etxebizitzaren arazoa oztoporik handienetariko bat da pertsonek euren bizi proiektuak gauzatzeko; eta bazterketarik gehien eragiten duen faktoreetariko bat ere bada. 

Mintegia saio bitan banatuta dago. Zelan joan zen lehenengo saioa?
M.M.: Lehenengo saioan, etxebizitzaren eta etxebizitza eskuratzeko aukeren inguruko errealitatea, lege-esparrua eta dauden tresnak ezagutu gura genituen. Horretarako, hainbat eragile gonbidatu genuen. Ponentzia batean azaldu zutenez, 2026ko Euskobarometroaren nahiz Soziometroaren arabera, etxebizitza da herritarren kezka nagusia. Eta Etxebideko ordezkariek aipatu zutenez, Durangaldean 4.425 eskaera daude alokairuko etxebizitza eskuratzeko. Euskadi osoan ere gorakada nabarmena izan da azken urteotan. Beste hitzaldi batean, Pobreziaren eta Giza Bazterkeriaren aurkako Europar Sareak erakundeko koordinatzaile nagusiak ere datu interesgarriak plazaratu zituen, Euskadikoak. Ondoren, Durangaldeko udaletako alkateak gonbidatu genituen, etxebizitzaren inguruan egindako azterketen, ateratako ondorioen eta martxan ipinitako edo aurreikusten dituzten neurrien berri emateko. Elorrioko eta Durangoko udaletako ordezkariak etorri ziren.
S.L.: Giza alderdia ere landu gura genuen, hau da, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak zelan eragiten dien pertsonei. Eta ahalik eta egoerarik gehien kontuan hartu gura genuen: gazteek dituzten zailtasunak, migrazio prozesuen ondorioz sortzen direnak, osasun-arazoren bat dituztenena… Ildo horretatik, AVIFESek, Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Bizkaiko Elkarteko kideek azaldutakoa ere esanguratsua izan zen. Azaldu zuten buruko osasun arazoak dituzten pertsonek zailtasun handia dutela etxebizitza eskuratzeko. 

Zeintzuk adibide ipini zituzten?
S.L.: AVIFESekoek kontatu zutenez, buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako etxebizitzak dituzte, batzuk eurenak eta beste batzuk Alokabideren bitartez alokatzen dituztenak. Etxebizitza horietan lau pertsona ere bizi daitezke, eta haien egunerokoan laguntzen eta jarraipena egiten duen profesional bat izaten dute. Hala ere, zailtasunak izaten dituzte etxebizitza horiek eskuratzeko; adibidez, bizilagunen komunitate batzuek arazoak ipintzen dizkiete. JAEDeko kideok ere parte hartu genuen mintegian, egunero ikusten dugun errealitatea azaltzeko. Kontatu genuen oztopo ugari dagoela etxebizitza eskuratzeko. Bazterketa egoeran dauden pertsonek nahiz gazteek 500 euro ordaindu behar izaten dituzte gela baten truke. Gehiegizko prezioa da, eta, gainera, askotan ez dute alokairu-kontraturik izaten. Kontratu hori, ostera, ezinbestekoa da beste hainbat laguntza eskatu ahal izateko. Bestalde, jabe batzuek ez diete profil jakin batzuetako pertsonei etxebizitzarik alokatu gura. Horrelako egoera asko ikusten dugu egunero.

Zelan joan zen bigarren saioa? 
S.L.: Mahai bi izan genituen. Lehenengoan alderdi politiko guztiak gonbidatu genituen, etxebizitza-politiken inguruan dituzten asmoak azaldu zitzaten. Bigarren mahaian hainbat esperientzia ezagutu genuen. Eguzkilore eta Alazti fundazioetako kideak izan ziren bertan; etxebizitzaren arloan esku hartzen duten hirugarren sektoreko erakundeak dira biak. Azpeitiko Udalak ere parte hartu zuen, etxebizitzaren inguruan lantzen dabiltzan proiektuak azaltzeko. Horrez gainera, Xavier Mauri etorri zen, etxebizitza sozialetan-eta esperientzia handia duen aholkularia. Katalunian arlo horretan dituzten esperientziak azaldu zizkigun.

Badago Durangorako eta Durangalde osorako erreferentzia izan daitekeen esperientziarik?
M.M.: Adituen esanetan, aukera guztietara zabalik egon behar dugu. Ez dago eredu bakar bat, eta aztertu egin behar dugu zer egin dezakegun eta zelan, eskualdean elkarlaneko hartu-emanak eta akordioak bultzatuta. Beste erkidego batzuetan etxebizitza publikoaren inguruan garatzen dabiltzan eredu asko dago, eta horiek ezagutzea komeni da. Horregaitik gonbidatu ditugu adituak, haien esperientziak ezagutzeko eta, ondoren, guk geuk horien inguruan hausnartzeko. Horrez gainera, hartu-eman eta lankidetza modu berriak aztertu behar direla ere aipatu dute.

Zer gura zenukete mintegi honetatik ateratzea?
S.L.: Mintegiaren helburua izan da etxebizitzaren inguruko errealitatea ezagutzeko interesa piztea, eta gure inguruan ekimen berriak sortzeko zubiak eraikitzea. Ez gara titularrean bakarrik geratu behar; benetako aurrerapausoak eman behar dira, etxebizitzaren premia oso handia delako.  

Zuen eguneroko lanean, etxebizitzagaz loturiko zeintzuk egoera aurkitzen dituzue? Zeintzuk dira zailtasunik ohikoenak?
S.L.: Guk bazterketa egoeran dauden pertsonekin lan egiten dugu. Denborak aurrera egin ahala, kalean ematen duten denborak zelako kaltea eragiten dien ikusten duzu. Kalean bizi den jende asko dago, imajinatu dezakeguna baino gehiago. Batzuek ez dute alokairu-kontraturik, ezta erroldatzeko aukerarik ere; beste batzuek etxebizitza osasungaitzetan bizi behar dute, abusuak jasaten dituzte edo elkarbizitzarako era guztietako zailtasunak dituzte. Gainera, beldur handia dago zerbait erreklamatzeko, daukatena galtzeko ikaraz. 
M.M.: Etxebizitzaren arazoa ez da bazterketa egoeran daudenena bakarrik. Gazteei, adibidez, alokairu-kontratua egiteko, kontratu mugagabea eta gutxieneko nomina batzuk eskatzen dizkiete. Beste batzuek lana dute, alokairua ordaintzeko gai dira, baina, hala ere, egoera gogorrak bizi dituzte. Esaterako, etxejabeak esan diezaieke: "Orain gehiago ordainduko didan norbait daukat, eta, beraz, alde egin behar duzu". 
S.L.: Jatorriak ere badu eragina. Guk 35 nazionalitatetako pertsonekin lan egiten dugu, eta pertsonaren jatorriaren arabera zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza eskuratzeko. Horrez gainera, aurreiritziak ere entzuten ditugu; esaterako: "Zer egiten dute ume hauek kalean ordu hauetan?". Baina ume horiek alokatutako gela batean bizi dira. Pentsa haur bat gela batean sartuta edukitzea, handik atera ezinik, etxebizitzako gainerako espazioak erabiltzeko aukerarik barik. Izan ere, alokairu-baldintzek askotan erabilera mugatzen dute; sukaldea, adibidez, egunean ordubetez baino ezin dute erabili. Ikusten ez diren errealitateak dira, edo askotan ikusi gura ez ditugunak.

Zeintzuk dira zailtasunik ohikoenak?
S.L.: Gelen alokairua negozio handia bihurtu da. Etxebizitza behar duen eta egoera desesperatuan dagoen jende asko dago, eta horrek merkatu handia sortzen du. Badaude pobreziaren kontura negozio handia egiten dabiltzanak, eta hori ere esan beharra dago. Edozelan ere, gelen alokairua ez da berria; nire gurasoen garaian ere bazegoen. Baina, orduan, gela alokatzeaz gainera, batzuetan beste zerbitzu batzuk eskaintzen ziren, pentsio txiki bat balira legez. Gaur egun asko okertu da egoera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!