Ezkurdi Kirol Taldeak ez du sarrerarik kobratuko talde federatuen etxeko partiduetan

J.D.

Partiduak ikusteko klubeko euro bateko errifa bat erostea nahikoa izango da. Zelaira jende gehiago erakartzea da helburua.

Ezkurdi Kirol Taldeak  ez du sarrerarik kobratuko futbol talde federatuen etxeko partiduetan. Halaxe jakinarazi du ohar batean eta "herri-futbolaren aldeko apustua" dela adierazi du. 

Aurrerantzean, zelaira sartzeko, klubeko euro bateko errifa bat erostea nahikoa izango da. Gura duenak errifa gehiago erosi ditzake, Ezkurdi KTri laguntzeko.

Honela arrazoitu dute erabakia: "Gero eta jende gehiago zelaira hurbiltzea, gure taldeak animatzea eta kluba bere sentitzea nahi dugu. Gure ustez, harmailek edozein kluben bizitzan funtsezko lekua dute, eta prezioak ez luke oztopo izan behar futbolaz gozatzeko". Gainerako klubak "ekimenarekin bat egitera" animatzen dituzte, "elkarrekin zelaietara jende gehiago erakartzeko".

Azkenik, zehaztu dutenez, "Ezkurdi KTk etxeko partiduetan sarrera kobratzeko aukera gordetzen du, aurkako klubek beren instalazioetan antolatutako partidetara sartzeko sarrera ordaintzea eskatzen badute".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!