"Bizikleten arloan erreferentziazko prestakuntza sortu dugu"

Aritz Maldonado

Daniel Irazola, ezkerrean zutik, Iñaki Narbaiza eskumatara, eta ikasle taldea.

Durangoko Maristak ikastetxeak Eraberritu Sarien Zubia jaso du oraintsu, bizikletak muntatzeko, puntuan ipintzeko eta mantentzeko espezializazioa bultzatzeagaitik. "Sari honek azken urteetan bizikletaren sektoreari lotutako enpresa, elkarte eta erakundeekin egindako lana aitortzen du, sektoreak berak hautemandako beharrizan bati erantzuteko: bizikletak muntatzen eta mantentzen espezializatutako profesionalen falta", azaldu du Daniel Irazola Maristak ikastetxeko zuzendariak. Bizikletak muntatu, prestatu eta mantentzearen Lanbide Heziketako espezializazioa arautu dute aurten, Hezkuntza Ministerioaren bidez. "Prestakuntza aitzindaria da, eta gaur egun erreferentzia da Estatuan", gehitu du Iñaki Narbaiza espezializazioko arduradunak.

 

Gabezia bat betetzeko asmoagaz ipini zenuten martxan espezializazioa.
Daniel Irazola:
Bai. Pandemia ondoren hasi ginen kontu honegaz. Hemen betidanik egon da zaletasuna, baina izurritearen ondoren badirudi jende gehiago hasi zela bizikletan ibiltzen, eta baita bizikletak erosten ere. Bizikleta salmentak nabarmen gora egin zuen eta dendetan ez zegoen stock nahikorik. Hortaz, fabrikazioa hazi egin zen, baina jendea trebatzea falta zela esan ziguten. Gure inguruan enpresa indartsu bi ditugu; bata Orbea, Mallabian, eta bestea BH, Gasteizen; Durangaldeko jende askok lan egiten du horietan.
Iñaki Narbaiza: 2020an edo 2021ean Orbeatik deitu ziguten, Durangaldeko Mankomunitatetik ere bai, jende premia zegoela, eta ez zekiten horri zelan erantzun. Fabrika ere bisitatu genuen, eta beharrizan horri zelan erantzun pentsatzen hasi ginen. 
D. I.: Zer egin begiratzen hasi ginen, ordura arte ez zegoelako ezer araututa. Beraz, Espezializazio Programak egitea pentsatu genuen. Erantzun arin bat emateko aukera bat zen hori. Martxan nahiko erraz ipintzeko moduko programa zen, eta bizkortasun hori gure alde geneukan. Eta kontra Euskadirako baino ez duela balio. Zelanbait esateko, guk sorturiko zerbait zen, gure ikasleentzat sorturikoa. Gaur egun martxan dagoen tailerra hortik abiatu zen. Paraleloki bigarren bide bat ipini genuen martxan, ikasketa arautuak izatekoa. Horretarako, Estatuan ere hasi ginen martxan, AMBE (Asociación de Marcas y Bicicletas de España) elkarteagaz hartu-emanetan ipini ginen, besteak beste. Hortik bidea zabaldu genuen ministeritzan arautzeko. Une honetan, BOEn publikatu eta gero, modu formal batean eman dezakegu bizikletak muntatzeko, puntuan ipintzeko eta mantentzeko espezializazio ikastaroa.
I. N.: Lehenengo erantzun hori emateko, hasieran martxan ipini genuena interesgarria zen, bazuen bere balioa, baina Euskadin baino ez. Ikusten genuen beste maila batera igotzeko beharrizana geneukala, eta horretan lanean hasi ginen. Ikastetxeak abantaila gehiago du horregaz; izan ere, ordu gehiago eskaini dezakegu, ikasleei beste eskaintza bat emateko aukera ere hor dago, eta titulazioa ofiziala izatea, are gehiago Espainian, berri ona da. Orain, erkidegoetatik gure espezializazioa hartu eta euren errealitatera moldatu dezakete; orain, adibidez, Andaluziako ikastetxe batek behar duen adaptazioa egin dezake gurea oinarri hartuta. 
D. I.: Estatuan jende askok txalotu du programa, eta hemen ere leku askotatik etorriko dira onurak. Adibidez, edozein bizikleta dendarentzat izan daiteke baliagarria. Denda zein enpresek ikasle prestatuak jasoko dituzte; eta ezin ditugu ahaztu, jakina, txirrindularitza taldeak, horiek mekanikariak behar izaten dituzte eta. Eta beste sektore batzuek ere behar izaten dituzte adituak: banatzaileek, osagarriak saltzen dituzten denda edo enpresek, markek... 

Saria jasotzea egindako lanari aitortza bat da.
D. I.: Bai. Eta, zelanbait, Durango mapan kokatzeko modu bat ere bai. Beste herrialde batzuetan, beharbada, gabezia hau konponduta dute; Herbehereetan, adibidez, baina guk gure alea ipini dugu honegaz. Andaluziako denda batek, adibidez, gurea ikusi eta hara eraman dezake, eta horrek ekosistema propio bat garatzen lagunduko die. Programa sortuta egoteak lagundu egingo die, edozein eskolak hartu dezakeelako eta bere erara moldatu.
I. N.: Garapena ere interesgarria izan da. Adibidez, autoekin mila kontu dago, edo bestelako eskaintza zehatz batzuk; bat esatearren, helikopteroena. Baina bizikletena ez zegoen ia ezer. Orbeakoekin hasi genuena euren beharretara zegoen egokituta, baina orain jauzi bat eman da, industria honetan zer behar den aztertu da, eta horretara egokitu. 

Igarri duzue beste jarrera bat enpresen aldetik?
I. N.: Bai. Esan dugun moduan, beharrizana bazegoen egon, eta eskaini ahala hobetzen joan gara gu ere. Enpresek jendea eskatzen dute, eta gu, zelanbait, erreferentziazkoak gara. Zenbait enpresatatik deitu digute, beharrizan desberdinak dituztenak, eta ikasleek beharrizan horiei erantzun diete. Aldi berean, geroago eta ikasle gehiago dator. Beste sektore batzuetan lan egiten duen jendea ere animatu da; batzuk trebatzen joateko, eta beste batzuk afizioagaitik. Azken finean, badakigu txirrindularitzarako afizio handia dagoela hemen, eta nahiko garestia dela. Afizio hori egotea gakoetariko bat dela uste dugu.

Zelako profilak eskatzen dituzte enpresetan?
D. I.: Enpresetatik deitu eta profilak eskatzen dituztenean, lehenengo galdera izaten da ea bizikletan ibiltzen diren. Gero, jakina, beste hainbat galdera egiten digute, baina badakite bizikletan dabilenak, afizioa duenak, beste zera hori ere izango duela, eta osagarriak, markak, bizikletaren parteak edo dena delakoa ezagutuko dituela. Kasu horretan, askoz ere errazago ikasiko du. Bizikletan dabilenak oso harrera ona izaten du. Beste profiletariko bat autoetako mekanikaria izan daiteke. Jada trebatuta dago autoekin, eta bizikletara jauzia ematen du. Formakuntza profesionalean ingelesez esaten den vocational trainning horrek garrantzi handia du. 

Heldu zaizue iritzirik beste erkidegoetatik?
I. N.: Katalunian badabiltza zeozertan, eta datorren ikasturtetik aurrera gehiago zabalduko dela uste dut. Adibidez, Valentzian merkatu handia dago, eta han harrera ona izango duela esango nuke. 
D. I.: Orain artean konplikatua izan da, ez zegoelako araututa. Hala ere, ibili zaizkigu galdezka. Aurtengoa laugarren ikasturtea da, laugarren promozioa. Lau urte daramatzagu honetan lanean, eta konpondu garen arren uste dugu orain aurrerapauso bat egongo dela, beste urrats bat emango dugula. Titulua balioztatzeak dena erraztuko du. Datorren ikasturtetik aurrera, uste dugu eskaria handiagoa izango dela, eta ikasle eta irakasleek ere baldintza hobeak izango dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!