Ezkurdi KTk omenaldia egin zien atzo Durangon futbolean jokatu zuten lehen emakumeei, 1969an KEMENen aritu zirenei. Ekitaldia Tabiran egin zen, Ezkurdi KT eta Ibaiondo Nerbioiren arteko emakumezkoen Erregional Mailako partidaren aurretik, eta udaleko ordezkariak ere bertan izan ziren. "Klubak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldira gerturatu eta omenaldiarekin bat egin zuten ordezkariei", adierazi dute kirol taldetik ohar batean.
Omenaldi honen bidez, Ezkurdi KTk emakume haiek herrian "egindako lana eta irekitako bidea" gogoratu nahi izan ditu. "1969an futbolean jokatzea erabaki zuten, garai hartan emakumezkoen kirolak oztopo eta zailtasun ugari zituenean. Haien ausardiari eta ekimenari esker, Durangoko emakumezkoen futbolaren historian lehen urratsak eman ziren. Gaur egun, haien ekarpena gogoratzea eta aitortzea ezinbestekoa da aurreko belaunaldiek egindako lana balioan jartzeko", adierazi dute kirol taldeko kideek.
Ezkurdi KT emakumezkoen futbolaren alde egiten duen apustuaren erakusgarri dela nabarmendu dute. "Ezkurdi KT erreferentea da eskualdean, eta gaur egun sei emakumezkoen talde ditu. Harrobiko jokalarien prestakuntza eta emakumezkoen futbolaren garapena klubaren lehentasunen artean daude. Horren adibide da Athletic Clubeko egungo kapitaina Ezkurdiko harrobian hezitakoa izatea".
(Argazkiak: Ezkurdi KT)