Helena Barrenetxea munduko txapeldunorde, Erika Mugartegiren aurkako finalean lehia estua jokatu ostean

Anboto

Zesta-puntari durangarrak goi mailan jokatu du eta hirugarren seta behartzeko puntuan egon da.

Helena Barrenetxeak munduko txapelketako finala jokatu du gaur Buenos Airesen (Argentina), 36 metroko frontoian. Euskadiko selekzioa ordezkatuz, Espainiakoarekin aritu den Erika  Mugartegi izan du aurkari. Durangarrak sekulako partidua jokatu du gaur egun emakumeen zesta-puntan dagoen izar nagusiaren kontra, baina azkenean Mugartegi nagusitu da: 11-15 /14-15. Beraz, zilarrezko domina jantziko du durangarrak.

Barrenetxea taktika argiarekin kantxaratu da. Kolpe gutxiago zuela jakitun, aukera zuen bakoitzean tantoa amaitzen saiatu da eta ikaragarri asmatu du. Tanto asko amaitu ditu bi hormako dotoreen bidez eta baita errebesez txokora luze jota ere. Konfiantza handiarekin arriskatu du eta ondo irten zaio. Mugartegiren indarrak une batzuetan estu hartu badu ere, Barrenetxeak lehia bizirik mantendu du azken txanpara arte.

Durangarrari gutxi falta izan zaio hirugarren seta behartzeko. Bigarren seteko azken tantoetan, 13na zihoazela, harmailetatik 'Helena, Helena!' eta 'Beste bat!' animo oihuak entzun dira. Barrenetxeak bi hormako eder batekin erantzun die animoei, nahiz eta azkenean ez duen lortu 15. tantora heltzerik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!