Zelan sortu zenuen Osu Pieces proiektua?
Nire beharrizan batetik sorturiko asmoa da. Oihalezko galtzontzilloak erabili ditut beti, eta moda oso gustuko dut. Hartara, niretzat praka laburrak egitea bururatu zitzaidan. Sareetan ipini nituen jositako praka labur horietariko batzuk eta jendeak gehiago sortzera animatu ninduen. Halaxe sortu zen dena. Iaz hasi nintzen joskintzan, eta konturatu orduko hasita nengoen nire lehenengo drop-a sortzen. Apirilean jaio zen Osu Pieces, eta oso pozik nago izandako harreragaz.
Kolore biziko praka laburrekin egin zara ezagun. Nora heldu gura zenuke proiektu honegaz?
Joskintza zaletasuna dut. Nire egunerokoan bulego batean lan egiten dut, eta denbora librea aprobetxatzen dut josteko. Arlo biak ondo uztartzen ditut. Ez dakit nora helduko naizen proiektu honegaz. Orain jakak josten hastea pentsatzen nabil; horiek ere koloredunak. Sorturiko pieza guztiak nire nortasunaren isla direla esan daiteke. Batetik eta bestetik ikusitakoagaz eta jasotakoagaz osatzen dugu gure nortasuna, eta gogotsu lan eginda jendearengana heldu zaitezkeela esango nuke. Nire izaeragaz bat dator Osu Pieces.
Zeintzuk ezaugarri dituzte zuk sorturiko arropek?
Generorik bako arropa egitea da nire helburua, gizonek zein emakumeek erabiltzekoak. Praka laburrak barruko arropa legez zein kanpotik erabiltzeko erosi izan dituzte. Horrez gainera, tokiko oihalak erabiltzen ahalegintzen naiz; ahal dudan neurrian kotoia, eta organikoa bada, hobeto. Praka laburrak, esaterako, kotoi organikoz egindakoak dira denak. Jakekin bide berdinari jarraitzea da nire helburua, eta ahal dudan neurrian kalitatezko ehunak erabili gura ditut. Esan dudan moduan, koloredun jakak egitea da nire asmoa, ezaugarri bereziak dituzten jakak.
Non aurkitu genezake Osu Pieces?
Sare sozialen bitartez hasi nintzen praka laburrak saltzen, baina denda batzuetan ere ipini ditut salgai. Lagunek lagundu didate. Dena dela, azoketan ere saldu gura nuke. Arropa denda ez diren establezimenduren batean eskaintzea ere pentsatu dut.
Zerk inspiratzen zaitu?
Denak inspiratzen nau. Asko fijatzen naiz pertsonengan, haien keinuetan, soinean daramaten horretan... Bestalde, Bartzelonan, Suedian eta Ingalaterran bizi izan naiz, eta batean eta bestean ikusitakoa lagungarria izaten da ideiak garatzeko.
Drop edo bilduma txikietan lan egiten duzu.
Bai, pieza bereziak izan daitezen gura dut, helburu horregaz lan egiten dut drop txikietan. Gainera, moda jasangarria bultzatu behar dugula uste dut. Behar dugunaren arabera erosi beharko genuke. Bada, baliteke hamar pieza baino ez sortzea, baina bakoitza desberdina izango da, berezia.
Durangaldetik kanpora ere saldu dituzu praka laburrak.
Bai. Madrilera, Sevillara, Burgosera... bidali ditut piezak. Poloniatik ere eskatu izan dizkidate. Sare sozialen bitartez jende askorengana heldu daiteke. Dena dela, egia esan behar badizut harritu egin naiz. Pozarren nago izan dudan harreragaz.
MOTZEAN
Abesti bat?
Port Peligrí (Guitarricadelafuente).
Jaiak gozatzeko, egunez ala gauez?
Egunez.
Bisitatzeko leku bat?
New York.
Moda munduan erreferente bat?
Maialen Illescas (Dossis Designs).