Zahartzaroa ailegatzerakoan, zeintzuk izaten dira gorputzeko funtzionaltasuna galtzearen lehenengo sintomak?
Gorputzaren martxa edo ibilera mantsotzen dabilela ikustea. Ibileraren bizitasuna eta nolakotasuna aldatzea. Adibidez, hankak zabal samar ipinita ibiltzea oreka arazoren baten adierazle izan daiteke. Eta hankak erdi arrastaka eramatea tente mantentzeko arazoren baten sintoma. Zeinu horiek guztiak kontsultan ikusi daitezke, eta neurtu ere egin daitezke. Lau metroko ibilbidean neurketa batzuk egiten ditugu, test bat. Zientzialari batzuek seigarren zentzumen legez ulertzen dute gorputzaren martxa edo ibilera. Neurketa horrek ematen dizun informazioaren arabera, pertsona hori ahultasun egoera baten atarian dagoen ala ez ikusi dezakegu, eta, hala bada, programa bat garatu.
Zer gertatu daiteke diagnostiko hori sasoiz egiten ez bada?
Mendekotasun egoerak sortu daitezkeela, edo erorketak gertatu daitezkeela. Izan ere, erorketak dira pertsona nagusien sindrome geriatrikorik arruntenak. Eta askotan justifikatu ere egiten ditugu. "Ez, estropezu egin dut" edo "ez, zorabiatu egin naiz" esanda. Baina erorketa horiek zeren ondorioz gertatzen diren aztertu beharko litzateke, eta kontuan hartu behar dugu erorketa batek beste erorketa bat ekarri dezakeela. Orduan, zer aldaketa egin daitezkeen eta zer faktorek esku hartzen duten aztertu beharko genuke.
Eta badago egoera horiek prebenitzeko modurik?
Ariketa fisikoa egitea da egoera horiek prebenitzeko modurik eraginkorrena. Izan ere, ohituta gaude tratamenduak jasotzera eta pilulak hartzera, baina iruditzen zait ariketa fisikoarena ez daukagula behar den beste barneratuta. "Martxa mantendu", "apur batean ibili" edo "eman buelta bat" izaten dira oinarrizko irizpideak, eta beharrezkoak, jakina, baina horiek ez dira nahikoa.
Zer gehiago falta da?
Indarra lantzea. Horixe da prebentziorako ebidentziarik gehien eskaintzen digun tresna. Hori eta ariketak konbinatzea: ariketa aerobikoa, indarra, oreka eta malgutasuna.
Hau da, kirola dela prebentziorako botika.
Bai. Azken finean, zure bizitzak, zure historiak, zure lanbide motak eta zure kirol ohiturak isla garbia izaten dutelako zahartzaroko funtzionaltasunean eta kognizioan. Orduan, baten baten egokitzapen programa diseinatzean, inportantea da iraganeko bizimodu ohiturak zelakoak izan diren ezagutzea.
Norentzat izango da baliagarria berbaldia?
65 urtetik gorako herritarrei zuzendurikoa da, baina gazteagoek ere zabalik dute bertaratzeko aukera. Eta baita menpeko pertsonaren bat zaintzen dutenek ere. Informazioa ematea eta kontuan hartu beharrekoak barneratzea izango da berbaldiaren muina.