Gidari batek zazpi hilabeteko kartzela zigorra jaso du Durangoko kaleetan gidabaimenik barik zirkulatzeagatik eta arau hauste hori behin eta berriro errepikatzeagatik. Auzia ulertzeko 2023ko otsailaren 24ra egin behar da atzera, Ertzaintzak gidaria atxilotu zuen egunera. Egun hartan, gidariak ez zuen abiadurarik mantsotu Durangoko zebrabide batera hurreratzean, eta Ertzaintzaren patruila batek hura geldiarazi zuen aurrerago, herriko kanpoaldean. Agenteek egiaztatu zutenez, gidariak ez zeukan gidabaimenik. Gainera, hainbat droga topatu zuten ibilgailuan: MDMA pilulak, kalamua eta anfetamina.
Bizkaiko Auzitegi Probintzialak auzibideak hasi zituen gidariaren kontra, eta aurtengo uztailean kaleratu zuen epaia: gidaria absolbitu egin zuten osasun publikoaren kontrako delituengatik, baina ez bide segurtasunaren kontrako delituengatik. Bizkaiko Auzitegiak zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion. Gidariak helegitea ipini zion sententzia hari, baina orain zigor hori bera berretsi du Euskadiko Auzitegi Nagusiak.
Arau hauste errepikakorrak
Gidariaren defentsak kartzela zigorra komunitatearen aldeko lanengatik edo diru-zigorragatik ordezkatzea eskatu zuen, baina Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen aukera hori, gizonezkoak antzera bateko bost delitu egin zituelako iraganean, era errepikatuan. Izan ere, azken urteetan, 2021etik hona, Durangoko, Bilboko eta Logroñoko epaiegiek bost bider zigortu dute gidaria gidabaimenik barik eta gidabaimena agortuta gidatzeagatik. Horregatik, epaileek ondorioztatu dute kartzela zigorra irtenbide "logikoa, bidezkoa eta proportzionala" dela orain arteko zigor arinagoak eta komunitaterako lana ez direlako "eraginkorrak" izan gizona gizarteratzeko.