Durangoko Jaiak 2026

Sanfaustoak "itzelak" izan direla eta "aparteko gorabeherarik barik" joan direla esan du udalak

E.H.

Musika ekitaldi bat Ezkurdin. DURANGOKO UDALA

Hitzordurik jendetsuenetakoa Leire Martinezen kontzertua izan zen. 8.000 bat lagun batu ziren bertan. Udaltzaingoak borroka gutxiagotan esku hartu du, baina atxiloketa kopuruak gora egin du.

Durangoko Udalak balorazio "oso positiboa" egin du sanfaustoen harira. Jaietan 169 ekitaldi antolatu dituzte, eta herritarren parte-hartzea handia izan dela nabarmendu dute. Ekitaldirik jendetsuena Leire Martinezen kontzertua izan da. 8.000 lagun batu ziren Ezkurdiko plazaren ondoan. Xiberoots eta 48280 taldeek 4.500 pertsona batu zituzten, eta 3.500 bat batu zituen Latzenek. Bestalde, egitasmo berriek, Txori Soro Gogoanek eta Madalenako Bingo Musikalak harrera ezin hobea izan dute, baita antzerkiek, zirkuak, herri kirolek, dantzek eta ekitaldi gastronomikoek ere. Azken horien artean sukalki txapelketa eta adinekoen bazkaria nabarmendu dituzte. Edadeko 750 herritar batu ziren Landako Gunean. Jaiak igarota, udalak eskerrak eman dizkie jai batzordeko eragileei, elkarteei, kuadrillei eta boluntarioei.

Udaltzaingoaren balantzearen arabera, borrokak gutxitu egin dira iazko kopuruaren aldean (35 izan ziren iaz; 31, aurten)  baina lesio delituek eta atxiloketek gora egin dute. Sei pertsona atxilotu dituzte, eta zazpi pertsona ikerketapean ipini. Era berean, iruzur bi erregistratu dituzte dirua faltsutzeagaz lotuta, eta osasun publikoaren kontrako delitu bat ere atzeman dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!