Durangon emakumeen tenisa sustatzeko torneoa antolatuko dute datorren zapatuan

J.D.

Haur-kategoriako eta nagusien mailako partiduak egongo dira ikusgai.

Bizkaiko Tenis Federazioak eta Durango Tenis Klubak, udalaren babesarekin, 'Pistako Erreginak' izeneko emakumeen tenis torneoa antolatuko dute urriaren 24ko zapatuan, Durangoko tenis pistetan. Torneoak bi helburu ditu: eskualdean indar handirik ez duen kirolari oihartzuna ematea eta emakumeen kirola sustatzea. Halaxe azaldu du Bizkaiko Tenis Federazioko presidentea den Jose Manuel Martinezek gaur udalatxean egindako aurkezpenean.

Torneoak egun osoan iraungo du, 09:00etan hasita. Bi mailatan jokatuko da: haur-kategorian eta nagusietan. Bi mailak kontuan hartuta 16 bat tenislari batzea gustatuko litzaieke. Partiduen formatua ohi baino laburragoa izango da, jardunaldia erakargarriago egiteko. 

Santurtzi lako herriek tradizio handia dute tenisean. Beste eremu batzuetan ez da hain kirol ezaguna eta are gutxiago emakumeen artean. Eremu horietara heldu gura dute Durangon antolatuko duten moduko torneoekin. Muskizen ere emakumeen beste bat antolatzeko lanean dabiltzala azaldu dute. Torneo denen arteko zirkuitu bat osatzea da helburua.

Durangon gora emakume tenislarien kopuruak
Durango tenis kluba apurka tokia egiten ari da herriko kirol esparruan. "Mutilak eta gizonak beti egon dira. Emakumeengana heltzea gehiago kostatzen zaigu, baina aurten zortzi emakume berri daude eta hori albiste pozgarria da", nabarmendu du Ainhoa Nuñez klubeko presidente eta entrenatzaileak. 

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azaldu duenez "guretzat oso garrantzitsua da neska eta emakume gehiagok kirola egiteko aukera izatea eta horrelako ekimenek kirol munduan barneratzeko aukerak zabaltzen dituzte".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!