Durangoko Jaiak 2026

[BIDEOA]: Ospitaleratze bat eta mozorro ugari sanfaustoetako azken sokamuturrean

Ekaitz Herrera

Jose Angel Rodriguez Urkiaga ‘Peque’k udalaren aitortza jaso du 50 urte baino gehiagoko lan boluntarioagatik.

Jaietako bigarren zapatua Mozorro Eguna izaten da Durangon, eta parrandazalerik gautxorienak halantxik ailegatu dira goizeko sokamuturrera: askotariko jantziak soinean. Superheroiak, Oktoberfestetik ailegaturikoak, toreatzaileak, iturgintza enpresaren bateko kideak, bikingoak… denerik batu da Alde Zaharreko kaleetan.

Lehenengo zezenak gazte bat harrapatu du Santa Anako plazaren erdian, eta Gurutze Gorriak ohatilan atera behar izan du handik. Beste zauritu batzuk beren kabuz irten dira. Euretariko bat Usansoloko ospitalera eraman dute, eta beste bost pertsona Santanosten bertan artatu dituzte, zauri arinekin.

Eskertza 'Peque'ri

Azken zezena plazaratu baino lehenago, Durangoko udal ordezkariek aitortza txiki bat egin diote Jose Angel Rodriguez Urkiaga 'Peque' durangarrari. 'Peque'k 50 urte baino gehiagoko lan boluntarioa egin du sokamuturrean. Nerabezaroan hasi zen Zezenak Dira ekitaldia laguntzen, hamalau bat urterekin, eta urte askoan ohikoa izan da bera zezenen soka eusteko lanetan ikustea. Aurtengoa izan da, hain zuzen ere, bere azken urtea zeregin horretan. Aurrerantzean Zezenak Dirako beste lan batzuetan jarraituko du. Mireia Elkoroiribe alkateak eskerrak eman dizkio urteotako lanagatik. Era berean, ekitaldiaren amaieran, udal agintariek eskerrak eman dizkiete Gurutze Gorriko kideei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!