Etxebizitzaren gaia oso presente dago eztabaida publikoan. Zure bulegora ere etxebizitzari loturiko kontsulta gehiago heltzen ari da?
Bai, geroago eta kasu gehiago dago. Ni abokatu partikularra naiz eta ofiziozko abokatu legez ere aritzen naiz. Eta konturatu naiz maizterrek ofiziozko abokatuengana jotzen dutela gehienbat, eta jabeek, ostera, abokatu partikularrengana. Oso joera nabarmena da, eta alde bakoitzak duen ahalmen ekonomikoaren isla.
Etxegabetzeen inguruan, zer ezaugarri dute zure bulegora heldu diren kasuek?
Etxegabetzeetan, nire esperientziaren arabera, maizter askok badakite kontratua iraungi egingo dena lehenago edo geroago. Sarritan arazoa ez da bakarrik etxe horretan geratu ala ez, baizik eta beste bizitoki bat aurkitzea. Etxebizitza uzteko prest egon arren, askotan ez daukate nora joan. Ez diote jabeari kalterik egin gura; aukera guztiak aztertzen dituzte, baina ez dute irtenbiderik aurkitzen. "Zer egingo dut, zubi azpira joan?", esaten dute. Izan ere, etxebizitza bat alokatzea geroago eta gatxagoa da.
Adibide bat emango didazu?
Orain gutxi izandako kasu bat azalduko dizut, aita baten eta bost seme-alaben ingurukoa. Etxegabetze-prozedura bat zuten martxan, eta aita beste etxebizitza bat alokairuan lortzen ahalegindu zen. Esan zidan hilean mila euro ordaintzeko prest zegoela, eta hala ere ez zuela etxebizitzarik lortzen. Bada, azkenean, seme-alabak adinez nagusiak zirenez eta beste irtenbide bat aurkitzeko aukera bazutenez, familia sakabanatzea izan da aukera bakarra: alokatutako logeletara joan ziren.
Logelak alokatzeko joera geroago eta ohikoagoa da?
Bai. Merkatuan aukera gehiago dago logelak alokatuta. Etxebizitza osoa alokatu beharrean, geroago eta jende gehiagok logelak banaka alokatzen ditu. Kontratuaren ezaugarrien arabera, etxebizitza osoaren alokairuari aplikatzen zaion araubide juridikoa ez da modu berean aplikatzen, eta horrek ondorioak izan ditzake, hala nola kontratuaren iraupenean.
Hain gatx dago etxebizitza bat alokatzea?
Zalantzarik barik, gaur egungo arazo nagusietariko bat etxebizitza bat alokatzea da. Jende asko etortzen zait esanez denean begiratu duela eta ez duela ezer aurkitzen. Esaterako, Durangon eskaintza urria da eta dauden etxebizitzak oso garestiak dira. Jabeek badakite etxebizitzaren truke gehiago eska dezaketena, eskaera handia dagoelako. Durangon aurkitzen ez baduzu, inguruko herrietara zabaldu behar duzu bilaketa. Eta aurkitzen duzunean, askotan urrun dago edo ez ditu behar diren baldintzak betetzen. Bai, alokatzeko etxebizitza bat aurkitzea geroago eta gatxagoa da.
Zure esperientziatik, Durangon eta eskualdean zelakoa da egoera etxegabetzeei dagokienez?
Durangon eta Durangaldean etxegabetzeak gertatu gertatzen dira, beste leku askotan legez. Kontua da askok ezin dutela beste etxebizitza bat alokatu. Durangoko etxebizitza-merkatua oso saturatuta dago. Etxe-agentzia batera bazoaz, alokairuan aukera gutxi dagoela konturatuko zara; daudenak, gainera, oso garesti daude.
Jabeen ikuspuntutik, zeintzuk dira zuengana jotzeko arrazoi nagusiak?
Jabe-profil desberdinak daude. Orain arte, etxebizitza alokairuan ipini baina hortik bizi ez ziren jabeen kasua zen ohikoena. Haien kezka nagusia izaten zen zer egin alokairua ordaintzen ez duen maizter bategaz. Baina profila aldatzen dabil eta geroago eta ohikoagoak dira alokairutik bakarrik bizi direnen kasuak. Batzuek hainbat etxebizitza dute; beste batzuek, ostera, etxebizitza bakarra izan arren, logelarik logela alokatzen dute. Horrela, logela bakoitzeko hilean 300 edo 400 euro inguru jasotzera heldu daitezke. Kasu horietan, kontratuak zorrotzagoak izaten dira, eta egoera beste era batekoa da.
Abokatu legez ikusten ditudan kasu batzuetan jabe askok gurago dute pertsona bakar bati logela bat alokatu, familia bati etxebizitza osoa alokatu baino. Bereziki, seme-alabak dituzten familiekin errezelo handiagoa izaten dutela ikusi dut, etxegabetze-prozeduretan zaurgarritasun-egoerek eta adingabeen presentziak eragina izan dezaketelako. Badakite arazoren bat sortuz gero prozesua luzatzeko aukera dagoena. Horregaitik, batzuek gurago izaten dute euren ustez egokiagoa den maizter-profila agertu arte itxaron, etxebizitza-eskaera handia dela jakinda.
Espainiako Gobernuak etxegabetzeei eta alokairuei buruzko neurri berriak iragarri ditu. Zer egoeratan daude une honetan?
Oraindino ez dakigu neurri horiek behin betiko aplikatuko diren. Baina, edukiari dagokionez, neurri hauek funts espekulatiboen jarduerari mugak ipintzeko balio dezakete, eta hori positiboa iruditzen zait. Dekretuak gutxienez gaiari heltzen dio, ideia edo jarrera bat dago atzean, muga batzuk ipini eta norabide bat markatzen dute. Hala ere, ikusi egin beharko da zelan aplikatzen diren eta zer jasotzen duten zehazki. Izan ere, puntu honetan galdera honako hau da: zer hartu behar da putre-funts moduan eta zer ez? Hortxe dago gakoetariko bat. Jabe motak bereizi behar dira. Etxegabetzeko urte batzuk itxaron beharrak ez dio berdin eragiten baliabide ekonomiko handia duen funts bati edo alokairutik bizi den pertsona bati. Lehenengoek lasai itxaron dezakete, baina egoerak gehiago ito ditzake bigarrenak. Ulertzen dut ez dela gai erraza. Zehatz jokatu behar da, ñabardurak kontuan hartuta.
Nire ustez, etxebizitzatik etekina atera daiteke, baina muga bat izan behar du. Lan eskubideekin egin genuen legez, irabaziak mugatu egin behar dira pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko. Etxebizitza ezin da izan negozio hutsa. Horregaitik, 'etxebizitza-sindikatu' kontzeptua oso egokia iruditzen zait. Langileen eskubideak defendatzeko sindikatuak sortu ziren legez, etxebizitzaren arloan ere antzeko antolakuntza egokia litzateke, maizterren eskubideak defendatzeko eta jabeen eta maizterren interesen arteko oreka bilatzeko. Nire ustez, bide horretatik jo behar dugu.
Putre-funtsak aipatu dituzu. Durangon badaude?
Durangon inbertsio-funts handiak edo holdingak baino gehiago, ondare handia duen familia baten sozietate patrimonialak aurkitu daitezke. Baina, praktikan, antzera jokatu dezakete. Ez dago urrun begiratu beharrik jabeek erositako eraikin osoak aurkitzeko. Horiek etxebizitza asko dira. Horregaitik, dekretuaren filosofiari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zait horrelako jarduerei mugak ipintzen hastea.
Azken urteotan aldatu egin da etxebizitza eskuratzeko modua. Zer bilakaera ikusten ari zara?
Hipoteken kasuan eredu aldaketa bat egon da, berba egiten gabiltzanaren isla dena. Lehen, 2017 inguruan, alokairuan bizi ziren pertsona askok ez zuten hipoteka bat ordaintzeko edo etxebizitza bat erosteko gaitasunik. Alokairua behin-behineko aukera izaten zen, aurreztu eta etxebizitza bat erosi ahal izan arte. Orain, ostera, kontrakoa gertatzen ari da; hipoteka baten sarrerari aurre egiteko kapaz den batentzat, hipoteka bati aurre egitea alokairua ordaintzea baino eskuragarriagoa izan daiteke. Hilean 500 edo 800 euroko hipoteka ordaintzen duten pertsonak ikusten ditugu, eta alokairuak 1.200 euro ingurukoak dira kasu askotan. Horrek erakusten du zenbat aldatu den etxebizitzaren merkatua. Etxebizitza bat alokairuan ipintzea oso errentagarria izan daitekeenez, jabe askok ez dute saltzeko interesik ikusten.
Esandako guztitik zer ondorio ateratzen duzu?
Nire ustez, etxebizitza arazo soziala da, eta denei eragiten die, bai jabeei, bai maizterrei. Etxebizitza ezin da izan merkatutik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna hutsa. Etxebizitzak etekina irabazteko aukera eman dezake, baina horrek ez du esan gura merkatua mugarik barik estutu daitekeenik. Horri mugak ipini behar zaizkio, zelanbait. Horixe da nire iritzia.
Beste ezer gehitu gura duzu?
Jendeak beharbada argi ez duen kontzeptu bat argitu gura nuke. Etxebizitza izateko eskubidea ez dago Konstituzioan oinarrizko eskubideen multzoan jasota, zentzu juridiko hertsian. Espainiako Konstituzioan, 47. artikuluan aitortzen da. Eta oinarrizko eskubideak 15. artikulutik 30. artikulura bitartean jasota daude, eta babes juridiko berezia dute. Konstituzioak etxebizitza izateko eskubidea gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio gidarien artean kokatzen du. Beraz, botere publikoek etxebizitza eskuratzeko baldintzak bultzatu behar dituzte eta politikak helburu horretara bideratu behar dituzte. Etxebizitza izateko eskubidea eskubidea da, duda barik, baina ez dago bizitzeko eskubidearen pareko oinarrizko eskubideen babes maila berean.