Herriaren Eskubideak Kurutziagako monolitoaren aurkako eraso bandalikoa gaitzetsi du

J.D.

Memoria historikoa zaintzea biktimentzat "justizia eta duintasun-ariketa bat" dela nabarmendu dute. 

Herriaren Eskubideak/Independienteak Gerra Zibileko eta errepresio Frankistako biktimen memoria omentzeko Kurutziagan dagoen monolitoaren aurkako erasoa "irmoki" gaitzetsi du ohar batean. Era berean, monumentua berreskuratzeko eta kontserbatzeko "neurriak bultzatzeko" konpromisoa hartu du, "oroimenerako, duintasunerako eta hausnarketa kolektiborako gune izaten jarrai dezan". Oharrean "kezka" adierazi du "erasoaren aurrean EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak ez duelako erantzunik eman".

Herriaren Eskubidea/Independientearen esanetan "memoria historikoa zaintzea justizia eta duintasun-ariketa bat da biktimentzat, baina baita orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromiso bat ere". Horrekin batera, "beharrezkotzat" jo du "errespetua, elkarrizketa eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza defendatzea". "Elkarrekin bizitzeak ez du ahaztea esan nahi, eta ideia desberdinak izateak ez digu eragotzi behar demokraziarekin, giza eskubideekin eta pertsona guztien duintasunarekin konpromiso sendoa partekatzea", gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!