Mugarra Triatloi Taldeak Excelsior Urrezko Saria jaso du, Espainiako Triatloi Federazioak (FETRI) Bikaintasun Eskolei ematen dien aitorpena. Programako mailarik gorena da. 2023an brontzezko maila eta 2024an zilarrezkoa eskuratu ostean, azken urten bietan urrezkoa lortu du, ohar batean azaldu duenez.
Mugarra Espainia osoan urrezko maila duten 34 eskoletako bat da, eta Euskadin bereizgarri hori duen bakarra. Gainera, urrezko, zilarrezko edo brontzezko mailan aitorpen hori jaso duen euskal eskola bakarra da. Mugarra Triatloi Taldeko eskola 2008an sortu zen, eta ordutik hazten joan da. Gaur egun, eskolak 61 kirolari ditu, eta klubak, horiez gain, goi-mailako kategorietako 70 federatu baino gehiago ditu. Horietako asko eskolan bertan hezi dira, oinarri-lanak jarraipena duela erakutsiz.
Gero eta neska gehiago eskolan
Mugarrak adin eta kategoria desberdinetako 61 kirolari ditu gaur egun, benjaminetatik junior eta 23 urtez azpiko kategorietara arte; horietatik 29 neskak dira. Oinarrizko kategorietan, benjaminetatik gazte mailara arte, neskak gehiengoa dira dagoeneko: 44 kirolaritik 26. "Guretzat harrotasun handia da. Aitorpen honek ondo lan egiten ari garela erakusten du, eta Euskadiko eskolarik baloratuena izatea eta estatu mailako gorengo kategorian egotea izugarria da. Lan handia dago horren atzean. Gainera, poz berezia ematen digu gero eta neska gehiago animatzen direlako eskolan parte hartzera", adierazi dute Mugarra Triatloi Taldeko arduradunek.
Federazioaren arabera, Bikaintasun Eskolen programak klubek adin goiztiarretan triatloia sustatzeko egiten duten lana aitortzen du. Kirol-jardueraz gain, hezkuntza-proiektuaren kalitatea, prestakuntza teknikoa, balioen transmisioa, parte-hartzea eta inklusioa baloratzen dira. Programak Kirol Gaztearen Fundazioaren eta Kirol Kontseilu Gorenaren laguntza du.
FETRIk, gainera, azpimarratzen du oinarrizko kirola triatloiaren etorkizunaren zutabeetako bat dela, eta entrenatzaileen, koordinatzaileen, kluben, familien eta federazio autonomikoen eguneroko lana funtsezkoa dela gazteei lehen urratsetan laguntzeko.