Durangoko Azoka 2026

Euskal kultura ikasgeletara eramateko unitate didaktikoa sortu du Durangoko Azokak

A. M.

Durangoko Azoka abiapuntu hartuta, euskal kulturan murgiltzeko ibilbidea eskainiko du Durangoko Azokaren unitate didaktikoak. Ikastolen Elkartearen laguntzarekin eta elkarlanarekin sortu dute unitate didaktikoa, eta hiru fasetan banatutako hamar jarduera proposatzen ditu, azokaren aurretik, azokan eta ostean lantzeko. 

Proposamen didaktikoak euskararen eta euskal kulturaren arte lotura kontzientea lantzea du helburu, eta kulturaren ezagutza eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditu LH 5. eta 6. mailetako ikasleen artean. Hamar jarduerek osatzen dute proposamena, eta hiru fasetan antolatutako ibilbide malgua proposatzen du. Lehen fasea, Girotzen eta berotzen izenekoa, Durangoko Azoka hasi aurretik egingo dute. "Azokaren unibertsoan murgiltzea eta ikasleen aurretiazko ezagutzak eta motibazioa piztea du helburu", azaldu dute. Bigarren faseak Plazara du izena, eta ekintzara igarotzeko proposamena egiten du, hau da, ikasleak Durangoko Azokara hurbiltzekoa. Azkenik, Mamiari tiraka faseak azokaren ondoren emango dio jarraipena ikaste-esperientziari. Bi jarduera proposatuko dituzte bertan, bizitakoaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa partekatua lantzea.  

Durangoko Azokaren 61. edizioa abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!