Emakume baserritarrak omentzeko argazki erakusketa Durangon

M.Z.

Emakume baserritarrei omenaldia egin asmoz, 'Lana, Lurra, Bizitza' argazki erakusketa jarri dute Durangoko Merkatu plazan. Gerediaga Elkarteak egindako erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Durangoko Udalak bultzatu dute. 

Erakusketa horrek, 1910etik 1960ra bitartean Bizkaiko, zehazki Durangaldeko, emakume baserritarren bizimodua eta lana erakusten ditu. Erakusketa 14 argazki historikoz osatuta dago eta Miren Amuriza Plazak idatzitako literatura-testuek laguntzen dute. "Aldarria egitera gatoz, emakumeen ahotsa entzun daiten, ozen eta argi. Nondik gatozen ahaztu barik, nora goazen erabaki behar dugu eta emakumeok alkartu zaitezte eta eman zuen iritzia", esan du inaugurazio ekitaldian  Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Lorea Momeñe nekazaria, berriz, eskertuta agertu da gaurko ekitaldiagaz, eta baita emakume nekazarie guztiek egin duten eta egiten duten lanagaz. "Emakume nekazari guzti haiei esker gara gu orain garena, eta beraiei esker gaude gu orain hemen", esan du. Bestalde, landa eremuetan medio falta handia dagoela eta horiei bultzada bat emateko eskaria luzatu du.  

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, berriz, adierazi du Durangoko Merkatu plazak oso ondo erakusten duela Durangoren eta Durangaldearen istoria, eta baita bertan jarritako eraskuketak ere. "Emakume baserritarrek gure herrien garapenean izan duten garrantzia erakusten digu erakusketa honek. Eta hemendik eskerrak eman gura dizkiet Gerediaga Elkarteari eta Bizkaiko Foru Aldundiari erakusketa hau jartzearren, eta noski, emakume baserritar guztiei egiten duten lanagatik", gaineratu du Elkoroiribek.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!