Emakumezkoen finalak ikusleen itxaropen guztiak bete zituen eta eguneko neurketarik lehiatuena izan zen. Hondarribiko Ibarboure eta Arbieu (gorriz) eta Zaragozako Cristina eta Joane (urdinez) aurrez aurre aritu ziren, azken tantora arte erabaki ez zen partidan.
Lehen seta zaragozarren alde joan zen, 12-15, baina hondarribiarrek bikain erreakzionatu zuten bigarrenean, 15-7 nagusituta. Txapela hirugarren eta azken setean erabaki zen, eta bertan Hondarribiko bikoteak hobeto kudeatu zituen unerik erabakigarrienak, 5-3 irabaziz eta txapelketa eskuratuz. Lau puntistek eskainitako joko mailak ikusleak behin baino gehiagotan zutik jarri zituen. Porrota jaso arren, Cristina zaragozarra finaleko izen handienetako bat izan zen, etorkizun oparoa duela erakutsiz.
Berriatuaren garaipena gazte mailan
Gazteen mailako finalean, Gernikako Haitz eta Oihan aritu ziren Berriatuko Lekue eta Aratzen aurka. Berriatuko bikoteak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna eta bi setetan erabaki zuen neurketa, 10- 15 eta 6-15eko emaitzekin. Talde osoaren jardun ona nabarmena izan bazen ere, guztien gainetik Aratzen erakustaldia azpimarratu daiteke. Erasoan zein defentsan maila ikusgarria eskaini zuen.
22 urtez azpikoa Berriatura
Jardunaldiko final nagusian, Berriatuko Arrasate eta Xuban eta Hondarribiko Astelarra eta Bereau aritu ziren aurrez aurre. Partidako lehen seta ikusgarria izan zen, ziurrenik arratsalde osoko mailarik handiena eskainiz. Lau
pilotariek kalitate handiko tantoak eta erritmo biziko jokaldiak kateatu zituzten. Lehen seta oso estua izan zen, baina berriatuarrek abantaila mantentzen jakin zuten eta 15-13 irabazi zuten. Kolpe horren ondoren indartsu jarraitu zuten, eta bigarren setean nagusitasun handiagoz aritu ziren, 15-6ko emaitzarekin txapela eskuratuz.
Aurtengo garaipenarekin Berriatuak zazpi txapel ditu jada txapelketako kategoria nagusiaren historian, eta txapelketa honetako klub arrakastatsuenen artean bigarren postuan sendotu da. Sailkapen historikoaren buruan Markina dago oraindik, zortzi titulurekin, baina Berriatua gero eta gertuago dago eta datorren urteetan lidergo historikoa eskuratzeko lehia inoiz baino irekiago dago.
Hunkigarria izan zen Piedra familiari egindako omenaldia
Kirol alderdiaz gain, une bereziki hunkigarria ere bizi izan zen finalean. Gazteen eta Sub22 kategoriako finalen artean, omenaldia egin zitzaion Piedra familiari, berriki zendu den Miguel Piedra gogoratzeko. Durango Jai Alaiko Zesta Punta Klubak haren ibilbidea eta kirol honekin izan zuen konpromisoa gogoratu zituen testu hunkigarri baten bidez. Ondoren, familiari "Pilota Jokoaren Saria" izeneko garaikurra eman zitzaion, utzitako ondarearen aitortza gisa.
(Argazkiak: Luis Iturrioz)