Pertsona bat atxilotu dute Durangon, objektu zorrotzekin hainbat neska gazte mehatxatzea eta jazartzea egotzita

E.H.

Udalak esan du gertakaria txosnagunean izan dela, baina txosna batzordeko eragileek ukatu egin dute hori. “Erantzukizunez” jokatzea eta “ezarritako protokoloak betetzea” eskatu diote udalari.

Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du goizalde honetan, Durangon. Udalak zabaldutako informazioaren arabera, pertsona horrek hainbat abisu jaso du objektu zorrotzak erabilita neska gazteak mehatxatzen eta jazartzen ibili ondoren. Azkenean, Udaltzaingoak auzian esku hartu behar izan du, eta atxilotu egin dute.

Gertakaria txosnagunean izan dela jakinarazi du udalak, baina txosna batzordeko kideek ukatu egin dute hori: “Ez zen txosnagune barruan eman, inguruetan baizik”. Gaineratu dutenez, “[udaleko] inor ez zen, ez momentuan ez ondoren, txosna batzordeko arduradunekin harremanetan jarri, udalarekin koordinazioa izateko 24 orduz, egunero, arduradunak izendatuta dauden arren”. Era berean, txosnek “erantzukizunez” jokatzea eta “ezarritako protokoloak betetzea” eskatu diote udalari.

”Babes irmoa”

Udalak jakinarazi duenez, agenteek auzian esku hartu dutenean, "hainbat pertsonak polizia-ibilgailuak inguratu, udaltzainak iraindu eta botilak eta bestelako objektuak jaurti" dituzte agenteen kontra. "Pertsona guztien segurtasunak eta haiek babesteko lan egiten dutenen zereginarekiko errespetuak herritar guztien konpromiso partekatua izan behar dute, bereziki jai-giroan", esan du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!