Durangaldea Antiespezista eta Sokamuturra Ez Durango taldeek elkarretaratzea egin dute eguerdi honetan, Andra Mariko elizpean, Zezenak Dira ekitaldian animaliak erabiltzen direla salatzeko. Mobilizazioak Euskal Herriko 30 bat elkarte eta kolektiboren babesa jaso du, eta adierazi dutenez, "gero eta handiagoa" da "animaliak entretenimendurako erabiltzea zalantzan jartzen duen mugimendua".
Elkarretaratzeko kideen berbetan, "tradizioa ezin da izan edozein praktika mantentzeko argudioa": "Tradizioak ere errespetutik pasa behar du. Gizarteak eboluzionatu egiten du, balioak aldatzen ditu eta ohiturak berrikusten ditu. Gure jaiak, gure identitatea eta kaleetako topaketa kontserbatu gura ditugu, eta hori guztia bateragarria da animaliak entretenimendurako erabiltzeari uztearekin", esan dute.
"Ez da iritzi kontua"
Taldeek nabarmendu dutenez, sokamuturraren aurkako jarrera ez da "posizio etiko edo sentsibilitate pertsonala" bakarrik. Albaitaritza arloko dokumentuek ere animalien sufrimendua jasotzen dutela esan dute: "Garraioa, maneiua eta ekitaldiaren garapena estresagarriak izan daitezke animaliarentzat eta berarentzat, eta lesio arriskua ere badakar".
Ildo horretan, Durangaldea Antiespezista eta Sokamuturra Ez Durango taldeek azpimarratu dute "jaiak animaliarik barik ospatzea ez dela tradizioari uko egitea, baizik eta gizartearen eboluzioarekin bat egitea, animaliak izaki sentikor gisa aitortuz".