Durangoko Jaiak 2026

[ARGAZKI GALERIA]: Pantxikeren etorreragaz eta Intxaurreren txupinagaz, jai giroa martxan dago Durangon

Ekaitz Herrera

Udaletxeko txupina bihar isiotuko den arren, Durangoko kaleetan jai-giroa dago honezkero. Txosna batzordeko eragileek eta Pantxikek gaur inauguratu dute txosnagunea, Intxaurre Kultur Elkarteko kideen pregoiagaz. Hori baino lehen, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu (eta poteatu) dituzte brass band doinuak lagun.

19:15ean hasi da Pantxike Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen. Eta zelako dotore, gainera. Geu Be elkarteko kideek ohikoa duten eskuzabaltasunagaz erakutsi diote-eta parrandarako bidea txosnaguneko ikurrari. Eta ondoan, jaizaleak. Goienkalezaleak eta kalebarriazaleak. Txosnetako eragileak. Gazte antolakundeak, euskalgintzako kideak, feministak, kirolariak, kuirrak, euskal presoen eskubideen aldekoak. Eta dena esaten hasita, ordu txikitako gautxoriren bat edo beste ere bai. Gaur parranda eguna delako (edo gaba, hobe esan?). 

Jaizaleek Intxaurren hartu dute jaitsierako lehenengo potea, eta Goienkale bete dute gero, Arkarazo pareraino. Eta han, musika. Jai giroa. Broken Brothers Brass Bandak Chicagoko doinu afroekin jantzi du-eta edaleen aldartea. Eta Uribarri kalean behera, bitxikeria. Pantxikeren jaitsierako jende-masak beste masa batekin topo egin duelako: Zugaza zinemara ‘La bola negra’ ikustera sartzekoak zirenekin. 

Pantxikeren pelikulak, baina, aurrera egin du bere gidoiarekin eta soinu bandarekin, eta pertsonaiak txosnaguneko eszenatokia hartu du azkenean. Aurten, Intxaurre Kultur Elkarteko kideekin jokatu du pertsonaia nagusiaren rola.

Intxaurreren pregoia

Ekitaldia koplak abestuta hasi dute Durangoko hainbat bertsolarik. "Txosnaguneko askatasuna", "eztabaidaren lurretan eraikitako etxea", Intxaurreko Txutxi eta "Gure amaren etxea geuk defendatuko dugu" izan dituzte ahotan. Bertso doinuak "Herria mugiarazi, txosnagunea nahasi, asko kantatu egizue eta jaiak ondo hasi" esanda amaitu dituzte. Eta azkenik, hitz hartzea. Intxaurreren 40 urteen errepasoa egin dute bozeramaileek. Balbino Garitaonandia plazako baserri zaharra durangar askoren diru ekarpenekin berriztu zutela kontatu dute, eta etxea, bere lehenengo sanfaustoetan, txosna modura zabaldu zutela gogoratu. Halaber, gomutan izan dituzte 40 urteotako istorioak. Tabernarienak, bilerarik bilera ibiltzen zirenenak, terrazakoenak, kontzertuko eztarri urratuenak, egon direnak eta ausentziak. "Intxaurre egoteko eta egiteko modu bat da, txikitik handira, Intxaurretik handira. Intxaurre ezin da ulertu Durangoko jai herrikoirik gabe", esan dute pregoiaren amaieran.

Gaurtik jai giroak zipriztinduta dago Durango. Bihar, Patxikotxuk lekukoa hartuko dio Pantxikeri, udaletxeko balkoian, 12:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!