Bertan dugu San Fausto eguna. Durangar eta dantzari legez, zelan bizi duzu ohorezko aurreskua dantzatzeko momentua?
Oso egun polita da, erritu baten moduan bizi dut. Goizean goizetik lasai hartzen dut eguna. Etxean luzaketa ariketak egin lasai, jantzi... Dena erritu baten modukoa da, eta dantzaren unea oso berezia da, emozio asko batzen duena, eta indar handia. Publikoa oso arretatsu egoten da, momentu horren zain. Dantzak normalean ez du halako arreta izaten, baina San Fausto egunean bai, eta berezia izaten da. Une honetan Tio Teronen Semeak taldea Argentinan dago, baina ni ez naiz bidaia horretara joan, Durangon herriari dantzan egin ahal izateko.
Zelan prestatzen zara?
Dantza ia egunerokotasuneko jarduna dut. Aurreskua oso exijentea da eta minutu gutxian denak emanda ipintzen zaizu bihotza. Beraz, aurreko asteetan alde fisikoa lantzen dut. Soka saltoan egiten dut, sasoian egoteko, hankak lantzeko. Entsegu batzuk ere egiten ditut. Egunean bertan, Kriskitineko lokalera joaten naiz. Dantzan egingo duten beste dantzariekin elkartzen naiz; jantzi eta azken ukituak ematen ditugu.
Adinean aurrera, geroago eta gatxagoa izango da puntapioa botatzea.
Igartzen da, jakina! Hala ere urteek, onerako eta txarrerako, gauza batzuk eman eta beste batzuk kendu egiten dituzte.
Ardura handiz bizi duzu aurreskua?
Herriaren aurrean dantzatzea ardura da eta Jon Sarobek oso altu utzi zuen maila. Baina dantzari bakoitza mundu bat da, bere bidea du, eta ni nire bidea erakusten ahalegintzen naiz.
Sarobek 40 urte eman zituen ohorezko aurreskua egiten. Ikusten duzu zeure burua lan hori betetzen?
Egia esateko, ez. Jende gaztea indartsu dator atzetik, dantzari finak. Errelebo gehiago egon behar delakoan nago. Herriarentzat ona litzateke.
Ikusten duzu emakume bat ohorezko aurreskua dantzatzen?
Jakina! Hori espero dut!
Lanak amaituta, artopila jaten duzu?
Aitortu behar dut ez naizela artopil zalea. Gurago dut ingurukoekin, lagunekin, zeozer hartuta disfrutatu.
Ikus-entzunezkoen arloan lan egiten duzu, baina dantzak espazio handia du zure bizitzan. Ondo uztartzen dira biak?
Arlo desberdinak dira eta biek denbora asko eskatzen dute. Egia esateko, lanorduetan egokitutako gauza askori uko egin behar izan diot, baina ondo daramat. Dantza ez dut ogibide eta horrek askatasun gehiago ematen dit aukeratzeko nora bideratu nire ahalegina. Dantza itzelean gozatzen dut, eta onena ematen ahalegintzen naiz.
Ibilbide luzea egin duzu Kriskitinen hasi zinenetik. 2012an Bizkaiko Aurresku Txapelketa irabazi zenuen, Donostiako Goizaldi dantza taldean aritua zara, eta Kukai taldeagaz dantza garaikidean murgildu zinen. Zertan zabiltza orain?
Askotariko diziplinak probatzea, dantza berriak ikastea eta talde desberdinetan aritzea oso aberasgarria da. Tio Teronen Semeak taldeagaz plazarik plaza nabil. Asko gustatzen zait hori, jendeagazko hurbiltasun hori. Bestetik, arte digitalean nabil buru-belarri. Mugimenduaren eta arte digitalaren arteko loturak lantzen; bilaketa horretan dantza ere presente dago.
MOTZEAN
Dantzari bat?
Oihan Indart.
Dantzarako plaza bat?
Durangokoa.
Abesti bat?
Amoranteren bat.
Sanfaustoetako une bat?
Txosnaguneko txupinazoa.
Jaiaz gozatzeko, gauez ala egunez?
Lehen gauez, gaur egun egunez gurago, baina biak.