"Hurbiltasunak hasiera-hasieratik konfiantza sortzea errazten du"

Anboto

Eli Piedra taldeko kapitainetariko bat da. DRTEmakumeen senior taldea, Santa Anako plazan egindako aurkezpenean. P.MORENO

Iazko denboraldian Durango Rugby Taldeak eta Uribealdeak indarrak batu zituzten emakumeen taldea sortzeko. Aurten nork bere bidea hartzeko moduan daude. DRTn, esaterako, 30 jokalaritik gora dituzte, talde propioa sortzeko adina. Aukera horri hainbat abantaila ikusten dio Eli Piedra Bilbaok (Durango, 2001), DRTko kapitainetariko batek. 

Zenbatekoa izan da gorakada jokalari kopuruari dagokionez?
Iaz 25 bat jokalari genituen talde bien artean, DRTkoak eta Uribealdekoak gehituta. Aurten 33 jokalari ditugu geuk bakarrik DRTn. Alde nabarmena dago. Horregaitik sortu ahal izan dugu geure taldea, inogaz batu behar izan barik. 

Zelan heldu zarete kopuru horretara?
Hainbat ekintza egin dugu errugbiari ikusgarritasuna emateko. Esaterako, denboraldi amaieran ateak irekitzeko jardunaldi bat antolatu genuen. Jende asko etorri zen eta horrek asko poztu gintuen. Errugbiari loturiko hainbat ariketa egin genuen. Jendea gustura sentitu zedin ahalegindu ginen. Gero, inguruko ezagunak, lagunak… konbentzitzen ahalegindu gara. Batu diren berri gehienak Durangokoak dira, baina inguruko herrietakoak ere badaude; adibidez, Abadiñokoak. 

Zer suposatzen du zuentzat talde propio legez lehiatu ahal izateak?
Askoz errazagoa da, hainbat zentzutan. Uribealdegaz astean behin batzen ginen entrenatzeko, eta horrela ez da erraza konexioa lortzea. Eurekin ondo konpontzen ginen, baina, normala den moduan, eraginkorragoa da elkarregaz gehiagotan entrenatzea. Gustura ibili ginen, baina arrankatzea kostatu zitzaigun. Orain, geure taldeagaz, denok beti Durangon entrenatuta eta jokalariak ingurukoak izanda, errazagoa da. Hurbiltasunak hasiera-hasieratik konfiantza sortzea errazten du. 

Zelako taldea duzue?
Taldea orokorrean oso gaztea da. Taldeko nagusienak beste lagun bat eta ni neu gara; 25 urte ditugu. Gainerakoak gazteagoak dira; asko 16, 17 eta 18 urteren bueltan dabiltza. 

Jokalari berriak lortzea bezain garrantzitsua izango da denboraldi honen amaieran daudenak mantentzea. Zelan lortzen da hori?
Partiduak jokatzeko batzen den jokalari multzo bat baino gehiago garela erakutsi behar diegu denboraldian zehar. Hor dago gakoa, nire ustez. Hirugarren denborak egiten ditugu, kalean elkarregaz tragoren bat hartzeko elkartzen gara… Talde bat baino gehiago gara eta bizitza soziala ere egiten dugu. Jokalari berriek hori sentitzea lortzen badugu, errazagoa izango da geratzea. Gu beti ahalegintzen gara giro ona eta motibazioa gorenean mantentzen. 

Umetatik zabiltza Durango Rugby Taldean?
Ez. Txikitan saskibaloian ibili nintzen. Gero, Durangoko Rugby Tabernan lanean hasi nintzen eta han nenbilela errugbia probatzera animatu ninduten. Horrela heldu nintzen taldera. Orain hiru bat urte izan zen. Ez daramat hainbeste denpora errugbian. 

Errugbiak zer du diferentea beste kirol batzuekin alderatuta?
Errugbiak badu gauza bat saskibaloiak edo beste kirol batek ere ez duena: hirugarren denbora. Partidua amaitzen denean, talde bietako jokalariak jan-edanaren bueltan batzen gara partiduari edo edozeri buruz berba egiteko. Errugbia kontaktuko kirola da, ez dago hori saihesterik, baina zelaitik kanpora beste kontu bat da. Ez dago ezinikusirik edo antzerakorik. Denok kirol hau maite dugu eta laguntasun baten barruan bizi gara. Hirugarren denborak eta bere filosofiak kirol hau aberastu egiten dutela esango nuke.

Zer esan gura du zuretzat taldeko kapitainetariko bat izateak?
Ohorea da eta gogotsu hartu nuen ardura da. Gaztea naiz, baina, jakina, talde honetan denak gara oso gazteak. 

Euskal Ligako denboraldia hasi berri duzue. Zer helburu duzue denboraldira begira?
Gogotsu gaude. Kontuan hartu behar da nahiko talde berria dugula. Oraindino esperientzia falta zaigu. Errugbia ez da kirol erraza, hainbat gauza desberdin du. Beraz, apurka-apurka taldea egiten joatea da helburua, behintzat denboraldi hasiera honetan. Liga luzea dugu aurretik, ikasteko eta gure arteko mekanismoak lantzeko. Horregaz batera, ondo pasatzea eta zelai barruan gozatzea dira helburuak. Irabazten badugu, hobeto, jakina; gu beti geure onena ematera irtengo gara. Partiduekin gustura geratzen bagara eta ehuneko ehun eman dugula sentitzen badugu, konforme geratuko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!