Geu Be-k urte askotatik hona du Pantxikeren ardura. Urtero hutsetik sortzen duten pertsonaia denez, lan handia du. "Batzuetan galdetzen digute: zergaitik ez duzue goma-aparreko egitura bat erosten lana errazteko? Guk ez dugu hori gura. Geu Be-ko erabiltzaileak prozesuaren parte dira. Horrela, geure nortasuna ematen diogu urtero", esan du Geu Be-ko koordinatzaile Julen Bengoak.
Arropa da errepikatzen den artikulu bakarra. Garbigailutik pasatu eta prest dago hurrengo urterako. Gainerako guztia berria da. Burua sortzen dute lehenengo, globo bati egunkari tirak itsatsita. Egunkari bolak dira, halaber, gorputza egiteko material nagusia. Horren ondoren, apaingarriak datoz: makillajea, ilea… Detaileak ez dira beti berdinak eta adi begiratzen duena konturatuko da, esaterako, ilearen kolorea aldatzen doala urtetik urtera. "Artisautzan gertatzen den moduan, ez daude Pantxike berdin bi".
Urtero berdin jarraitzen duena Pantxikeren esangura sinbolikoa da. "Emakume baserritarra irudikatzen du. Eta irudikatzen ditu berdintasuna, herri mugimendua, elkarteen lana eta inklusioa. Urtetik urtera Pantxike apur bat handiagoa edo txikiagoa izango da, ilea kolore batekoa edo bestekoa izango du, baina bere esangura da garrantzitsuena", esan du Bengoak.
Kalejiraren ardura
Asteetako lanaren ondoren, Pantxike prest dago jaietarako. Baina Geu Be-koen ardura ez da hor amaitzen. Kalejiraren arduradunak ere badira. Gaur, 19:00etan, Santa Anan hasi eta txosnagunean amaituko den kalejiran, Pantxike lepo gainean hartuta eramango dute. "Guretzat kalejira prozesu honen parte garrantzitsua da. Ikusgarritasuna ematen digu eta herriaren parte aktibo garela aldarrikatzeko balio digu", gaineratu du Bengoak.
Geu Be-k ez du txosnarik ipiniko aurten, baina prest daude euren ekarpena egiteko. "Gazte batzuek beste txosna batzuetan egingo dituzte txandak", argitu du. Horrez gainera, jaietako ekimen askotan parte hartzeko asmoa dute, hala nola erreka jaitsieran, txosnako paella txapelketan zein tortilla txapelketan, mozorro egunean eta asteburuko askotariko ekintzetan.
Ikur bi, eredu bi
Pantxike figura berriagoa da Patxikotxugaz alderatuta, baina txosnaguneko pertsonaiak bere lekua egin du urterik urte, eta gaur egun jaietako ezinbesteko ikur bihurtu da. Normalean, pertsonaia bakoitzak bere ibilbidea, bere espazioa eta bere ohiturak dituen arren, elkartu ere egin zitezkeela erakutsi zuten 2022ko San Fausto jaietan. Urte hartan elkarregaz desfilatu eta udaleko txupinazoaren lekuko izan ziren.
|
"Lagun asko gabiltza eta denon artean egin dugu"
Maritxu Gonzalez elorriarra lanik gehien egiten duenetarikoa da Pantxike sortzen. Pantxike sortzeak lan handia eskatzen du? Kalejiran ibiliko zara? Jaietan non ibiliko zara? |
|
"Pantxikeren detaile guztiak zaintzen ahalegindu gara"
Maritxuren antzera, Iraide Gonzalez ere buru-belarri lanean aritu da Pantxike egiten. Talde legez funtzionatzen dutela azpimarratu du. Zer ardura izan duzu Pantxike sortzen? Jaietan zertan parte hartuko duzu? |

