Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa martxan egongo da sanfaustoetan

E.H.

Puntu Morea txosnagunetik Ezkurdira lekualdatuko dute aurten. DURANGOKO UDALA

Puntu Morea Ezkurdin egongo da, gau-giroko ordutegian. Bertan, hezitzaile bi arduratuko dira herritarrak orientatzeaz. Era berean, 747459584 telefonoa aktibo egongo da, informaziorako eta arretarako.

Durangoko Udalak indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aktibatuko du jaietan. Bi baliabide espezifiko ipiniko dituzte herritarren eskura: batetik, Puntu Morea, informaziorako, prebentziorako eta arretarako gunea izango dena. Gune hori Ezkurdin egongo da urriaren 9an, 10ean, 11n, 12an, 16an eta 17an, 21:00etatik 03:00etara. Bertan, bi hezitzaile arduratuko dira herritarrak orientatzeaz, eta informazio materiala bananduko dute, hala nola txartelak, eskumuturrekoak eta txapak.

Horrez gainera, egun horietan 747 459 584 arreta-telefonoa egongo da martxan. Telefonoaren ardurapean indarkeria matxistan adituak diren bi profesional egongo dira. Zerbitzuak 21:00etatik 08:00etara funtzionatuko du.

Bestalde, urriaren 13an, 14an eta 15ean, informazioa, orientazioa edo arreta behar duten pertsonek Udaleko Indarkeria Matxistaren Unitateagaz harremanetan jar daitezke 618 791 333 telefono zenbakiaren bidez. Gainera, indarkeria matxistaren arretarako udal-baliabideek ohiko moduan jarraituko dute eskuragarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!