Jaietako burrunbak direla eta, Durangoko Udalak belarri-babesak banatuko dizkie, debalde, entzumen sentsibilitateren bat, Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) eta Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua (AGNH) duten herritarrei. Gaur, urriak 6, hasiko dira babesgarriok banatzen, aleak amaitu arte, udaleko Gizarte Ekintza arloan (udaletxeko bigarren solairua). Belarri-babesa eskuratu gura dutenek mediku-txostenen bat edo egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dute. Hortik aurrera, objektuak onuradunaren jabetzakoak izango dira, eta ezingo dute halakorik berriro eskatu bi urtean.
Jesica Ruiz Gizarte Ekintzako zinegotziak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du: "San Fausto jaiak pertsona guztiek gozatu ahal izatea nahi dugu, baita zarata edo zenbait estimulu oztopo izan daitezkeenentzat ere".