ANBOTOk zuzenean eskainiko du domekan Sorginen Lasterketa

Anboto

Emanaldia 09:30ean hasiko da. Oier Ariznabarreta, Ander Gerrikaetxebarria eta Gontzal Murgoitio izango dira komentaristak. 

ANBOTOk zuzenean eskainiko du domekan Sorginen Lasterketa. Probako antolatzaileek 'Sorginen Lasterketa' youtube kanalean eskainiko duten emankizuna 'anboto.org' atarian ere jarraitu ahalko da, 09:30etik aurrera. Aurreko aldietan lez, mendi lasterketetan arituak eta adituak diren komentaristak izango ditu: Oier Ariznabarreta, Ander Gerrikaetxebarria eta Gontzal Murgoitio. Hirurek jakintza ez ezik, gatza eta piperra ere jarriko dizkiote zuzenekoari.

Emankizunean zehar ibilbideko puntu desberdinetatik konexioak egingo dituzte eta lasterketa unean-unean zelan doan jakiteko aukera egongo da. Dena ondo badoa, korrikalariak Albisteitte (3.km), Atxeko (6.km), Zabalandi (9.km), Anboto (10.km), Pagazelai (11.km), eta Guenzelaitik pasatzen (15.km), Artola bajatzen (17.km) eta Mendigoikoara heltzen (19.km) ikusi ahalko dira. 

Proba luzea 09:30ean hasiko da, 21 kilometroko ibilbidearekin (1.700 m+). Besteak beste, Anboto tontorretik igaroko dira. Ibilbide laburrari 10:00etan ekingo diote (890 m+). Bi probak Euskal Herriko Koparako puntuagarriak izango dira eta goi mailako parteartzaileak etorriko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!