"Txori Soro desberdinen topagunea zen, eta jai hau ere horrelakoa izango da", azaldu du DJ Rayonek. Txutxi DJ historikoak ere parte hartuko du gaualdian, eta, besteak beste, Sonia y Selenaren Yo quiero bailar, Boney M-en River of Babylon eta ETBko KTM saioko aurkezlea zen DJ Juliusek eginiko Itoizen mix bat entzungo direla aurreratu du. Jaian zehar, garai hartako argazkiak proiektatuko dituzte.
Urte dezente eman zenuten Txori Soron musika ipintzen.
DJ Txutxi: Ni 1997an hasi nintzen musika ipintzen, eta bertan egon nintzen diskoteka itxi genuenean ere, 2005ean. Alde Zaharreko tabernak zarratzen zirenean, mundu guztia Txori Soron batzen zen. Denen topagunea zen. Makina bat jendek eskatu dizkit abestiak eta zorion agurrak.
DJ Rayon: Gu gazteagoak ginen eta musika gogorragoa ipintzen genuen. Txori Sororen haria antzoki batenaren antzekoa zen gehiago. Pop musika jartzen zen, musika dantzagarria, baita euskal musika ere. Ez zen erraza han batzen zen jende guztia hainbeste orduan dantzan mantentzea. Jendea eramaten jakitea da gakoa.
Erronka handia izango da 80ko eta 90eko hamarkadak bost ordutara mugatzea.
DJ Txutxi: Musika ipintzeko ere bai. Orain errazagoa dela esango nuke. Dena dela, garai hartan Txori Soron ipintzen genuena ipiniko dugu, batez ere. Jendeak ondo pasatzea dugu helburu. Esango nuke jendearen arazo guztiak Txori kanpoan geratzen zirela. Txoriko musikari eskerrak, barruan ahaztu egiten ziren buruhausteak.
DJ Rayon: Pentsa zenbat oroitzapen ekarriko dugun gogora! 20 edo 30 urte pasatu dira garai horietatik askorentzat, eta horixe gogoratuko dugu, garai hartako festak, mozkorrak... Gaur egun jada beste ardura batzuk ditugu.
Zelan azalduko zeniekete zer zen Txori Soro ezagutu ez zutenei?
DJ Rayon: Giro oneko lekua izan zen, askotariko musika eta jendea nahasten zituena. Jaiaren erdigunea ere izan zen, eta inguruetako herrietako jende asko etortzen zen bertara.
DJ Txutxi: Topagune bat ere bazen, hurbilekoa. Jende asko etorri zitzaidan kabinara abestiak eskatzera edo berba egitera.
DJ Rayon: Jaia bakarrik ez, beste ekimen batzuk ere egin ziren Txori Soron. 'Gogo' txapelketa bat egin zen, adibidez, eta Bizkaiko eta inguruetako DJrik onenetarikoak etorri ziren epaile lanak egitera. Bestalde, bertako DJ Pinkyk Telecincoko La quinta marcha saioan parte hartu zuen; Penelope Cruzek saio hartan hasi zuen bere ibilbidea.