'Aquella Niña Tour' birak geldialdia egingo du Durangoko jaietan. Leire Martinez abeslariak bakarka abiatu duen musika proiektua Durangoko oholtzan aurkeztuko du, urriaren 16an, jaizaleen gozamenerako.
Durangora bete-betean zatoz jaietan. Zer suposatzen du zuretzat giro honetan aritzeak?
Jaietan aritzeak beti du zerbait berezia, jendea beste energia batekin egoten delako, gozatzeko eta elkarrekin uneak partekatzeko gogoz. Gainera, beti da polita Euskadira itzultzea eta gertuko maitasun hori sentitzea. Durango ezagutzen dudan lekua da, eta ilusio berezia egiten dit bertako jaiak oholtza gainean bizitzeak eta jendearekin musikaz gozatzeko tarte bat partekatzeak.
Zer espero dezake Durangoko publikoak zure kontzertutik?
Batez ere, gogo handia eta musika asko. Gozatzeko, elkarrekin abesteko eta emozionatzeko oso pentsatuta dagoen kontzertua da.
Zein da Leire Martinezen kontzertu batean inoiz falta ezin den abestia?
Uste dut Mi nombre horietako bat dela. Abesti horrek esanahi berezia hartu du, eta oso lotura berezia sortu du jendearekin. Hasten denean, zerbait oso polita gertatzen da publikoaren eta nire artean.
Zure bakarkako ibilbidearen etapa berri bat bizitzen zabiltza artista legez. Zer ari zara zeure buruaz deskubritzen?
Gauza asko ari naiz deskubritzen, baina, batez ere, neure buruari gehiago entzuten eta neure erabakietan konfiantza izaten ikasten ari naiz. Etapa honek beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen dit, bai artistikoki bai pertsonalki, eta, era berean, prozesuaz asko gozatzeko.
Orain libreago sentitzen zara zure ibilbidearen hasieran baino?
Bai, nahiz eta uste dudan askatasuna ere urteen poderioz eraikitzen den zerbait dela. Hasieran, beharbada, gehiago arduratzen zara dena ondo egiteaz, itxaropenez eta besteek zugandik espero dutenaz. Orain gehiago gozatzen saiatzen naiz, nor naizen kontzienteago izaten, eta hortik abiatuta erabakiak hartzeko aukera ematen diot neure buruari.
Ez zara gelditu ere egin zure musikarekin bidaiatzen, 'Aquella Niña Tour' biran. Durangon arituko zara, baina birak Mexiko, AEBak eta beste leku batzuk ere hartuko ditu. Zelan bizi duzu alde batetik bestera ibiltze hori?
Ilusio handiz eta, era berean, esker onez. Batzuetan gorputzak erritmoa nabaritzen du, noski, baina eszenatoki batera iritsi eta zurekin abesteko zain dagoen jendea ikusten duzunean, guztiak zentzua hartzen du. Bira hain leku desberdinetara eramatea eta musikarekin ozeanoa zeharkatzea izugarria da edozein artistarentzat.
Hainbeste leku eta hain desberdinak. Publiko bakoitzak energia desberdina du? Artistek nabaritzen duzue hori?
Erabat. Leku bakoitzak bere energia du, eta publiko bakoitzak modu desberdinean bizi ditu kontzertuak. Publiko batzuk lasaiagoak dira; beste batzuek, berriz, lehen minututik dena abesten dute… Baina, azkenean, denek bat egiten dute gauza batean: zuzeneko musika gozatzen dute.
Zer esango zenieke urteetan jarraitu zaituzten eta orain Durango jaietan zu ikustera joango diren pertsonei?
Eskerrik asko esango nieke. Eskerrik asko hainbeste urteren ondoren hor jarraitzeagatik, etapa desberdinetan nirekin batera egoteagatik eta nirekin musika partekatzeko gogoa izaten jarraitzeagatik. Niretzat ez dago ezer politagorik kontzertu batean pertsona horiekin topo egitea eta hau egiaztatzea baino: urteak igaro diren arren, oraindik baditugula elkartzen gaituzten abestiak. Durangon ikusiko dugu elkar.