Balkoira irteteko momentua "berezia" izango dela esan dute, eta euren buruan "behin baino gehiagotan imajinatu" duten unea dela. Ez ei daude urduri, eta "ilusioz" itxaroten dute eguna. Oraindino "ikasle guztien artean" prestatzen dabiltza txupinazo egunean irakurriko duten pregoia, baina beharbada mezuaren barruan ikastetxearen balioetariko batzuk lau haizeetara zabaltzeko aprobetxatuko dute. Ildo horretatik, jaien aurkezpenean Jesuitak ikastetxeko arduradunek adierazi zuten egunerokoan "euskaraz, elkarlanean eta mun du bidezkoago bat eraikitzeko konpromisoagaz" lan egiten dutela, eta "jaietan ere balio horiek aldarrikatu gura dituztela".
Jaietan parte hartzen
Gazteek hainbat plan dute jaietarako. Zer ekimen gustatzen zaien galdetuta, hauxe esan dute laurek: "Mozorro Eguna". Malenek "flamenko" mozorrotzeko asmoa du; Eukene eta bere lagunak Toy Story filmeko pertsonaia bihurtuko dira; Eukenek Bratz panpinetatik hartuko du mozorrotzeko ideia; eta Mikelek oraindino ez daki zein mozorro jantziko duen, baina ideia bat baino gehiago darabil buruan.
Udanek jaietako beste ekimen bat ere aipatu du gustukoenen artean: "San Fauston egiten den marrazki txapelketa. Asko gustatzen zait eta urtero joaten naiz lagunekin". Eukenek eta Malenek "txistularien kalejira eta euskal dantzak" ere nabarmendu dituzte. Biek dantza munduagaz lotura dute; Eukene Kriskitin dantza taldean dabil eta Malen Jesuitetako dantza taldeko kidea da. Azkenik, Zezenak Dira ere aipatu dute. Gurasoek lagunduta joaten dira.