Zelan daramazu jaietako kartel iragarlea izatea?
Pozik nago, baina urduri ere bai. Ez nuen espero kartela hainbeste jenderengana heltzea eta hainbeste pertsona egotea kartelari buruz berba egiten. Neure buruari ipinitako erronka bat bete dut, eta alde horretatik ere pozarren nago.
Ez da lehiaketan parte hartu duzun lehenengo aldia.
Ez, bigarrenez aurkeztu dut lan bat lehiaketara. Lehenengoa orain urte bi aurkeztu nuen. Nahiko kartel sinplea zen; Patxikotxu, Pantxike eta udaletxea agertzen ziren. Garai hartan ez nekien nondik hasi ere. Lanean erabiltzen ditudan programa batzuk baliagarriak dira marrazteko, eta horrek ere lagundu dit orain. Hile pare bat lehenago hasi nintzen lehenengo zirriborroak marrazten lan honetarako.
Eskuz marrazten duzu, ala digitalki?
Dena digitalki egiten dut. Lanagaitik, ohitua nago plano industrialak ordenagailuan egitera, eta 3D inprimagailu bat izateak ere asko laguntzen dit ideiak garatzerakoan. Horregaz hasi nintzen, handik eta hemendik probak egiten. Interneten ere bideoa mordoa dago, laguntzeko.
Gustatuko litzaizuke diseinu grafikoan profesionalki aritzea?
Ondo legoke, baina gurago dut zaletasuna izaten jarraitzea. Ordu asko eskaini behar zaio, eta ni gustura nago nagoen moduan. Dena dela, batek daki zer gertatuko den etorkizunean.
Zelan bizi dituzu Sanfaustoak?
Kuadrillan gauza mordo batean parte hartzen dugu. Goizean hasi eta goizaldera arte, beti kalean gaude (barrez). Esango nuke horixe dela gure esentzia.
Ezer esan gura diezu durangarrei jaiak hasi aurretik? Zein mezu zabalduko zenuke?
Askotan esaten dena, baina garrantzitsua da gogoratzea. Jaiak denok ondo pasatzeko dira, gozatzeko dira, baina elkar errespetatuta. Denok gozatu ahal izateko jaiak, denok egon behar dugu gustura.