Durangoko Jaiak 2026

"Lotsa alde batera utzi eta gure eromena publikoari transmititu gura diogu"

Joseba Derteano

Maritxu Hankatxu eta Igurtzi Serrano.

Martxoko Ekuirnokzioan ikusi genituen lehenengoz, eta bueltan dira. Maritxu Hankatxuk eta Igurtzi Serranok Drag Txoua egingo dute urriaren 16an, 22:00etan, txosnagunean. MJPQ musikariaren laguntza izango dute. Igurtzi Serranok erantzun die galderei. 

Kuir Eztandak martxoan antolatutako Ekuirnokzioan izan zenuten estreinaldia. Zelan gogoratzen duzu egun hura?
Ekimenaren antolaketan, gure izenak aipatu ziren iluntzeko ikuskizun baterako. Nik aspalditik neukan horrelako zeozer egiteko gogoa. Maritxuri proposatu nion eta konforme egon zen. Biok antzerki munduan ibilitakoak eta nahiko txoriburuak gara, eta denboraz genbiltzan dena ondo prestatzeko. Zorionez, zoragarri irten zen. Dena emanda aritu ginen; dantzan, bakarrizketak egiten eta abar. Egia esanda, ekitaldiak harrera itzela izan zuen.

Txosnagunean show berdina ikusiko dugu?
Txosnagunerako zoramena eta dibertigarria izango den 'txoua' prestatu dugu. Halako oholtza batera igotzeko aukera izatea itzela da. Plaza indartsua da. Lotsa alde batera utzi eta gure eromena publikoari transmititu gura diogu, publikoa bera dantzan ipintzeko, denon artean barre egiteko eta askatasunari topa egiteko. A! Eta sorpresatxoak ere egongo dira: kanta batzuk sortu ditugu. Ilusioa piztu zaigu berriro eta pozik eta gogotsu gaude. 

Zelakoak dira Maritxu Hankatxu eta Igurtzi Serrano?
Maritxu Hankatxu country girl moduko bat da, baserrian bizi den barbie bat. Baserri munduan mugitzen da, baina beti pinpirin eta saltsera: Euskal Herriko Maria Patiño. 2000ko hamarkadako puntu hori du. Bestetik, bere izeko dago, 80ko hamarkadako buruarin eta txolina izango zena: Igurtzi Serrano, edo Larrinagatxuko pernile. Gau zalea, saltsa zalea, ipurtarina eta... sutsua! 

Zelan ikusten duzue Euskal Herriko drag kultura?
Urte askoan hor izan ditugu La Otxoa, Yogurina Borova eta beste erreferente zoragarri batzuk. Azken urteetan dragaren gorakada bat izan dela uste dut. Horrelako trabestiak plazak hartzen hasi dira. Asko miresten ditudan pertsonaiak dira, ausardia handikoak, estereotipoak hausten dituztenak eta mezu askatzaileak dituztenak. Beldurrak alde batera utzita, plazak hartzea garrantzitsua da: apurtu ditzagun tabuak, geure buruaz ere barre eginda. Azken batean, umoretik eta dibertimendutik kritika politiko handia egin daitekeen esparrua da hau. 

Beste ezer gehitu gura zenuke?
Mundu guztia gonbidatuta dagoela euskaraz eta askatasunetik, feminismotik eta dibertimendutik egindako showra. Ez dakigu zelan irtengo den, baina ederto pasatzeko aukera egongo da, hori seguru!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!